Txikiak Handi munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzeko eta haien artean zubiak eraikitzeko egitasmo iraunkorra da. Azken bederatzi urteotan, Nafarroa Oinez besta bidelagun, munduko hizkuntza gutxitu ezberdinen errealitatea azalarazten saiatu gara (kaxubiera, korsikera, galiziera, kitxua, gaelikoa, katalana-valentziera, makiritate...). Horrela, ugariak izan dira Nafarroako eta munduko beste lurraldeetako ikasleen artean emandako elkartrukeak, batzuen eta besteen hizkuntza zein kulturari buruz gauza asko ikasiz.
Hain emankorra eta iradokitzailea izan den esperientzia horretan oinarrituta, hizkuntza gutxituen erabileran eragiteko beste aurrerapauso bat eman nahiko genuke; oraingo honetan, Txikian Handi egitasmoan parte hartuko duten ikasleak soziolinguistikaren bitartez ahaldunduz. Izan ere, azken urteotan egitasmo honetan aritu diren gaztetxo guztiek badute partekatzen duten berezitasuna: hizkuntza autoestimu baxua. Hau da, kasu askotan diglosian bizi diren hiztun gazte hauek beraien burua hizkuntza erraldoi batez edo batzuez inguratuta sentitzen dute, eta horien input mediatiko boteretsuen eraginpean, zaila dute lurralde horretako jatorrizko hizkuntza erabiltzeko hautuari eustea. Hori da, hain zuzen ere, hizkuntza gutxitua dugun herrialdeetan gure hizkuntzen biziraupena bermatzeko dugun erronka nagusia: inguruan ditugun hizkuntza erraldoien artean gure hizkuntzaren erabilera bermatzea, alegia. Gauzak horrela, helburu hori erdiesteko gure ikasleak, gure haur eta gazteak ahaldundu behar ditugu, eta sinetsita gaude soziolinguistika dela ahalduntze prozesu horretan ezinbesteko erreminta.
Horiek guztiak kontuan izanik, eskuartean duzun unitate didaktikoak hiru helburu ditu:
ZER?
Unitate didaktiko honek bi sekuentzia ditu: “Gure hizkuntzen tamaina” eta “Gure hizkuntza autobiografia”. Lehenengoa Asmoz Fundazioa eta EITBren “Tribuaren Berbak” unitate didaktikoak proposatzen duen lehenengo sekuentziaren moldaketa da (“Euskararen tamaina”); eta bigarrena guk, Nafarroako Ikastolen Elkartean, sortutako material propioa. Ondorengo orrialdeetan sekuentzia bakoitzaren azalpena dago. Lehenengo sekuentziari dagokionez, argitu beharra dago “Euskararen tamaina” jatorrizko bertsioan agertzen diren hamabost jarduerak zazpi jardueretara ekarri ditugula “Gure hizkuntzen tamaina” moldatutako bertsioan.
NOREKIN-NOLA?
Lehenengo esperientzia pilotua 2018ko iraila-urria bitartean eginen dugu. Egitasmoan bi ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute: Altsasuko “Iñigo Aritza” ikastolako ikasleak (2018ko Nafarroa Oinez bertan antolatuko da) eta Valentziako “Escola Gavina” ikastetxeko ikasleak (Txikiak Handi eta Escola Valenciana elkartearen artean urtetako harremana dugu). DBHko 3.mailako ikasleak izanen dira, lehenengo urte honetan, bakarrik unitatearen lehenengo sekuentzia (“Gure hizkuntzaren tamaina”) egitea proposatuko diegulako; eta, hurrengo urtean, bigarren sekuentzia (“Gure hizkuntza autobiografia”). Denboralizazio hau egokia delakoan gaude lehenengo urtean ikasleei taldekako hausnarketa soziolinguistikoa proposatzen zaielako, oinarri soziolinguistikoak ezarriko dituena; eta bigarren urtean, banakako hausnarketa, bata bestearekin konpartituko dutena, hizkuntza eta hizkuntzek beraien bizitzetan duten garrantziari buruz.
ETORKIZUNEAN ZER?
Jakin badakigu abian jarriko dugun lan lerro berri honek etorkizunean bide ezberdinak har ditzakeela, horregatik diogu aurtengo esperientzia pilotua izanen dela. Horren arabera, hamaika dira egitasmoan sar daitezkeen ikastolak, bidaia hau gurekin batera egitera prest egon daitezkeen hizkuntza gutxituak eta soziolinguistikaren bitartez landu ditzakegun gaiak. Baina has gaitezen poliki-poliki. Momentuz, aurten Altsasuko eta Picanyako gaztetxoek eginen dute bidea elkarrekin, eta 2019.urtean Nafarroa Oinez antolatuko duen ikastolako gaztetxoek beste herrialde bateko gaztetxoekin.