Gure Hizkuntza Autobiografia

Autobiografía

Erdara dut ama-hizkuntza: amaren bularretan nengoela, gaztelania eztitsua aditzen nuen, hain beharrezko eta hain gozo hartzen nuen esnearekin batean. Bitxia da, halarik ere: ez ama, ez aita, ez ziren gaztelaniaz mintzatu txikitan. Amak, bere arbasoek bezala, galizieraz erran zituen lehen hitzak. Aitak, antzinako ahaideei segika, euskaraz bota zituen bereak.
 
Parisen ezagutu zuten elkar aitak eta amak, 1960ko hamarkadan, biak frantsesez mintzo zirela. Hantxe jaio zen nik baino hamar urte gehiago dituen anaia, Berako aitona-amonekin hiru urte izan arte euskara hutsean hezitakoa. Egun, frantsesez eta gaztelaniaz mintzo den euskaldun zaharra.
 
Inoiz pentsatu dut xelebrea dela hizkuntzen afera hau, nahiko nukeela zehaztu zenbateko eragina izan duen honek guztiak nire bizian: pertsona bera izango nintzateke hizkuntza bakarreko familian sortu izatera? Zer sentituko luke Avilako batek bere ama-hizkuntza eta bere gurasoenak hiru diferente balira?
 
Aitor dut, gauza bitxia izanagatik ere: ama-hizkuntza ez dudan euskara maite dut. Horregatik izanen da, agian, unibertsitatean euskaraz irakastearena, euskaraz idaztearena, edota, bakarrik nagoela, euskaraz pentsatzearena.
 
Edu Zelaietak Argia aldizkarian 2010eko otsailaren 14an argitaratutako artikulua
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2218/autobiografia

 

Sarrera

Sekuentzia didaktiko honekin hasi aurretik, irakur dezagun euskal idazlea eta Euska Herriko Unibertsitateko irakaslea den Edu Zelaietaren artikulu hau. Bertan hizkuntzek bere bizitzan izan duten garrantziaz hitz egiten digu, eta bere ama hizkuntza ez den euskararengan duen loturaz.

Txikiak Handi egitasmo honetan munduko bazter ezberdinetako ikasleak bildu gara, eta bakoitzaren hizkuntza autobiografia elkarri konpartitzea oso aberasgarria litzateke. Noizbait pentsatu duzue zuen hizkuntzak edo hizkuntzek zer nolako garrantzia duen/duten zeuen bizitzan? Zein dan zuen ama hizkuntza? Zein izan zen zuen arbasoena? Etorkizunean ama edo aita izaten bazarete, zein izanen da zuen seme-alabena? Galdera hauei eta beste batzuei erantzuna ematen saiatuko gara hurrengo jardueretan.

Jarduera guztiak egin ondoren, bakoitzak bere autobiografiaren aurkezpena grabatuko du eta gure artean elkar trukatuko ditugu Txikiak Handi webgunearen bitartez.