BAIONA, TOLOSA ETA TUTERAKO IKASLEAK AHALDUNTZEN

Aurtengo edizioan, hizkuntza gutxitua duten ikasleak ahalduntzeko bidean sakontzen jarraitu nahi izan dugu. Aurreko urtean, Altsasu eta Valentziako DBHko gaztetxoak beraien hizkuntzen egoeraren inguruan hausnarketa egiten aritu baziren; oraingoan, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako ikasleak bildu ditugu gure hizkuntzaren iraganaz, orainaz eta geroaz aritzeko. Izan ere, Baionako Bernat Etxepare lizeoa, Tolosako Laskorain ikastola eta Tuterako Argia ikastolako ikasleak izan dira Txikiak Handi egitasmoan parte hartu dutenak.

Txikiak Handi unitate didaktikoaren bitartez, aukera izan dute lurralde bakoitzaren errealitate soziolinguistikoaren azterketa egiteko; hasierako fase batean, Txikiak Handiko webgunean dagoen unitate didaktikoa on line landuz; eta, amaieran, Tuteran izan duten bi eguneko topaketan, aurrez aurreko hausnarketa-foroan parte hartuz. Horrela, Urriaren 14an eta 15ean hiru lurralde horietako ikasleak Tuterako Argia ikastolan bildu dira. Topaketa honetan, ikasleei beraien hizkuntza hautua egiteko bestelako irizpideak eskaintzeaz gain, geografikoki nahiko urrun dauden euskal lurraldeak eta biztanleak hobeto ezagutzeko parada eman nahi izan zaie (Baiona-Tolosa-Tutera).

Esan beharra dago hau guztia antolatzeko Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen laguntza jaso dugula, beraz, hemendik gure eskerrik beroena adierazi nahi diogu erakunde honi.

Egindako lan paregabe honi oihartzuna eman nahian, hiru lurraldeetako ikasleek Nafarroa Oinezeko ekitaldi ofizialean parte hartuko dute Txikiak Handi manifestua irakurtzeko eta sinatzeko.