Txikiak Handi munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzeko eta haien arteko zubiak eraikitzeko sortutako Nafarroa Oinezen proiektu iraunkorra da. Hala izanik, 2009an Europako hizkuntza gutxituen sarea osatu zen ((katalana, galegoa, asturiarra, aragoiera, okzitaniera, bretoia, alsaziera, frisiera, galesa, gaelikoa eta eskoziarra) eta hizkuntza horietako elkarte eta erakundeekin kontaktu zuzenak egin ziren. Halaber, Europako bost hizkuntza gutxituetako ordezkariekin egon ginen harremanetan, eta euren herrialdeak bisitatu genituen (Aragoi, Okzitania, Gales, Catalunya eta Bretaña) hizkuntza horien errealitatea zuzenean ezagutzeko. Bisitatutako herrialde horietako ordezkariak Nafarroa Oinez festara gonbidatu genituen. Oinez bezperan, Txikiak Handi Topaketa antolatu zen Behatokiarekin batera, elkarri errealitate desberdinen berri emateko.
Ondoko edizioetan, Nafarroa Oinezen antolatzaile izan diren ikastolek euren ingurune, harreman eta baliabideen baitan ekarpena egin diote Txikiak Handi proiektuari. Tuterako argia Ikastolak 2013. urtean antolatutako Nafarroa Oinezen baitan, Oinez egunerako Escola Valenciana (Valentzieraz-Catalaneraz irakasten duten eskolen elkartea) elkartearekin kontaktua egin genuen eta asteburu horretan Tuteran egon ziren. Oinez eguneko ekitaldian hitza hartu zuten eta Txikiak Handi manifestua sinatu zuten.
Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariak ere izan dira Valentzian, bertan antolatzen dituzten Trobades topaketan.
Azken hartu emana joan den martxoaren 13an izan genuen, Nafarroako Ikastolen Elkartean hartu genituen Andreu Carapuig i Fora eta Maria Nebot i Calduch, Escola Valencianako hizkuntza-eskubideen bulegoko teknikaria eta Escola Valencianako zuzendaritza taldekidea, hurrenez hurren.
Ikastola proiektua eta Nafarroa Oinez berri izan nahi zuten eta biak oinarri hartuta burutu zen lan saioa.
Nafarroako Ikastolen Elkartea ordezkatuz, Elena Zabaleta Andresea, lehendakaria eta Josu Reparaz, zuzendaria, izan ziren. Aurten Nafarroa Oinez antolatzen ari den Andra Mari Ikastola ordezkatuz, Iñigo Orella Altzueta, zuzendari pedagogikoa Etxarrin. Halaber, Txikiak Handi ekimenaren baitan Unai Arellano Lakabe, egun Jaso Ikastolako zuzendari baina aurretik, eta urte luzez, Txikiak Handi ekimenaren koordinatzaile.