Aurrekariak

Txikiak Handi ekimenak sortu zenetik oso emankorra izan den ibilbidea egin dugu. 2009ko Nafarroa Oinez antolatu zuen Andra Mari Ikastolan eman genion hasiera eta 2010. urtetik aurrera Oinezen baitan jorratu eta garatu dugun ekimen iraunkorra da.

Urtez urte, Nafarroa Oinezen antolatzaile izan diren ikastolek euren ingurune, harreman eta baliabideen baitan ekarpena egin diote Txikiak Handi proiektuari. Jarraian, lau hitzetan, urtez urte landutako ekintzak.

NAFARROA OINEZ 2009. ANDRA MARI IKASTOLA.

  • Europako hizkuntza gutxituen sare bat osatu zen (katalana, galegoa, asturiarra, aragoiera, okzitaniera, bretoia, alsaziera, frisiera, galesa, gaelikoa, eta eskoziarra) eta hizkuntza horietako elkarte eta erakundeekin kontaktu zuzenak egin ziren.
  •  Europako bost hizkuntza gutxituetako ordezkariekin egon ginen harremanetan, eta euren herrialdeak bisitatu genituen (Aragoi, Okzitania, Gales, Catalunya eta Bretaña) hizkuntza horien errealitatea zuzenean ezagutzeko.
  • Bisitatutako herrialde horietako ordezkariak  Nafarroa Oinez festara gonbidatu genituen. Oinez bezperan, Txikiak Handi Topaketa antolatu zen Behatokiarekin batera, elkarri errealitate desberdinen berri emateko.

NAFARROA OINEZ 2010. PAZ DE ZIGANDA IKASTOLA

  • Paz de Zigandaren eskutik euskara unibertso linguistikoa osatzen duten beste hizkuntzen mailan kokatu genuen.
  •  Agerian geratu zen euskara gure mugetatik harantzago dauden ikerlari eta adituen interesa pizten duen hizkuntza dela, eta arrazoi horrengatik munduko hainbat unibertsitatetan irakasten dela.
  • Munduko lau unibertsitatetan euskara irakasten duten irakasleen ordezkaritza izan genuen: Rosana Entizne Argentinarra eta euskalduna, Hiromi Yoshida Japoniarra eta euskalduna, Carlos Cid Madrildarra eta euskalduna eta Hanna Lantto Finlandiarra eta euskalduna.

NAFARROA OINEZ 2011. TAFALLAKO IKASTOLA

  • Amerikar kontinentera salto egin genuen, bertako hizkuntza gutxituen alde lanean diharduten talde eta erakunde berrien atxikimenduak eta elkarlana bilatuz.
  • Amerikako aymara, maya kaqchikel, maya yucateco, nasa, nahualt, mapuzugun eta quechua hizkuntzen ordezkariek Tafallako Ikastola bisitatu zuten eta ondoren hauetako bi ordezkarik hitzaldia eman zuten Iruñean.
  • Guztia antolatzeko Mondragon Unibertsitateko Garabide Elkartearen ezinbesteko laguntza izan genuen.
  • Galizian Ikastola ereduan oinarritzen den eta galego hutsean aritzen den “Semente” eskolako ordezkariak Oinez egunera gonbidatu genituen. Manifestua sinatzeaz gain, hitza hartu zuten.

NAFARROA OINEZ 2012. SAN FERMIN IKASTOLA

  • “Mundua Oinez” proiektua sortu genuen. Munduan barna dauden zenbait Euskal Etxeekin jarri ginen kontaktuan, eta EHtik milaka Km-tara egonik, beraientzat euskara zer zen azalduko zuen bideoa bidal ziezaguten eskatu genien.
  • Gonbidapenaren harira sortu berria zen Necocheako Ikastolarekin (Argentina) kontaktuan jartzea lortu genuen. Oinez egunean, omenaldia eta  lekuko aldaketaren saioan, Argentinatik bidalitako bideoa erakutsi genuen, bertaratutakoei agurra eginez eta Necocheako Ikastola erakutsiz.
  • Irailean Finlandiatik etorritako ordezkaritza batek San Fermin Ikastola bisitatu zuen eta Txikiak Handi manifestua sinatu zuten.

NAFARROA OINEZ 2013. ARGIA IKASTOLA

  • Web orrian euskaraz eta gaztelaniaz zeuden testu guztiak ingelesera itzuli genituen.
  • BIHAR hitzaldi zikloaren barruan, euskaraz, galegoz eta gaztelaniaz izan zen poesia eta kantu saioa izan genuen Tuteran.
  • Web orriaren bitartez “Beatbits” bat zabaldu zen, mundu osotik bidalitako sketch-ekin collage bat egiteko asmoarekin.
  • Oinez egunerako Escola Valenciana (Valentzieraz-Catalaneraz irakasten duten eskolen elkartea) elkartearekin kontaktua egin genuen eta asteburu horretan Tuteran egon ziren. Oinez egunean egiten den bigarren ekitaldian hitza hartu zuten eta Txikiak Handi manifestua sinatu zuten.
  •  Oso elkartruke emankorra izan zen eta ondoren NIEko ordezkariak beraiek antolatzen duten “Oinezan”  egon ginen: “Trobades d´escoles en Valencià”

 

NAFARROA OINEZ 2014. ZANGOZAKO IKASTOLA

  • Fisikoki aldenduak bata bestearengandik, baina bihotzez hurbil dauden hassaniya, kitxua eta euskara adiskidetu genituen.
  • Haurrak izan ziren parte hartzaile eta protagonista nagusiak: beraien arteko elkar truke digitala izan zen, ikasle saharar, perutar eta euskaldunak beraien hizkuntza eta kulturari buruz hitz eginez.
  • Oinez egunean Iruñean bizi diren Saharako bi ordezkari gurekin izan ziren eta egun horretako bigarren ekitaldian, ohikoa denez, hitza hartu du Txikiak Handi manifestua sinatu zuten.

NAFARROA OINEZ 2015. BAZTAN IKASTOLA

  • Kaxubiera hizkuntza deskubritzeko aukera izan genuen.
  • Urte osoan zehar ikasleen arteko hartu-eman digitala izan zen, Kaxubia aldeko eta Euskal Herriko hizkuntza eta kultura ezagutuz.
  • Udaberrian Kaxubiako ordezkaritzak Nafarroa bisitatu zuen: Baztan, Iruñea eta Etxarri Aranatz. Gerora, Nafarroako delegazioa izan zen Kaxubian bisitan.
  • Oinez egunean ere Kaxubiatik etorri ziren gurera. Bigarren ekitaldian hitza hartu eta manifestua sinatu zuten.

NAFARROA OINEZ 2016. ERENTZUN ETA IBAIALDE IKASTOLAK

  • Udaberrian katalanez eta euskaraz idatzitako ipuina aurkeztu genuen Lodosan: ipuin-ilustrazio tailerra.
  • Korsikako eskoletan korsikeraz irakasten dutenekin jarri ginen harremanetan. Irailean ikasleen arteko elkartruke digitala eman zen, eta Oinez egunean Korsikatik etorri ziren ekitaldian parte hartzera eta manifestua sinatzera.
  • Horretaz gain, Oinez egunean ere euskal jatorria duen argentinar baten bisita izan genuen.
  • “Lingua Vasconum” bideo-kantaren bertsio berria egin genuen, hizkuntza gutxituen bitartez (kaxubiera, katalana, kitxua, korsikera, …).

NAFARROA OINEZ 2017. TANTIRUMAIRU IKASTOLA

  • Edizio honetan Lleida eta Venezuela aldera jo genuen. Munduko bi bazter hauetan ere propioak dituzten hizkuntzak dituzte; UNESCOren arabera, galtzeko arriskuan daudenak: aranera eta makiritare hizkuntzak, hain zuzen ere.
  • Aranera Pirinioetako Aran haranean hitz egiten den hizkuntza da.  Bestalde, gaskoiaren aldaera bat da, eta okzitaniar hizkuntzen baitan kokatzen dute adituek.
  • Makiritare edo Yekuana izenak ematen zaizkio Orinoko ibaiaren arroan bizi den bertako herriari, Ventuari eta Caura ibaien inguruetan. Gaur egun, Venezuelako Amazonas eta Bolivar departamenduetan eta Brasilgo Roraiman.  Herri honen hizkuntzak herriak berak hartzen duen izena du: makiritare.
  • Bi hizkuntza hauek eta euskararen arteko elkarlana sustatzeko; batetik, Lleidako Les herrian kokatua dagoen Alejandro Casona ikastetxearekin harremanetan jarri ginen; eta bestetik, gaur egungo Venezuelan kokatua dagoen Goi Ventuari-ko komunitatearekin.

NAFARROA OINEZ 2018. IÑIGO ARITZA

  • Bederatzi urtez egindako bidaiaren ondorioz sortutako hartu emanak oinarri hartuta, ekimena hezkuntza jarduerari lotzeko unea zela erabaki genuen, hizkuntza gutxitua duten ikasleek soziolinguistikaren bitartez ahalduntzeko unitate didaktikoa sortuz. DBH-ko ikasleei zuzenduta dagoen unitate didaktikoak herrialde zein ikastetxe ezberdinetako ikasleen arteko elkarlana bideratzea izango zuen helburu.
  • Lehenengo elkarlana Valenciako Escola Gavina eta Altsasuko Iñigo Aritzako ikasleen artean burutu genuen. Ikasturtean zehar unitate didaktikoa modu digitalean lantzen aritu ziren, eta, horren bitartez, valencià eta euskara hizkuntzek beraien herrian duten errealitatearen inguruko ikerketa lana egin zuten .
  • Horretaz gain, urte honetan “Txikiak Handitzen: hizkuntza gutxituetako hedabideak munduan” jardunaldia antolatu genuen. Nafarroa Oinez festaren bezperan Altsasun bildu genituen Mexiko, Gales, Irlanda eta Euskal Herriko ordezkariak.

 NAFARROA OINEZ 2019. ARGIA IKASTOLA

  • Txikiak Handi unitate didaktikoaren lanketarekin jarraitu genuen, oraingo honetan, Euskal Herriko bazter ezberdinetako ikasleak bildu genituen geure hizkuntzaren errealitatearen inguruan hausnarketa egiteko.
  • Nafarroa Oinez festa baino lehenagoko astean, Tuterako Argia ikastolan bi egunez elkartu genituen Baionako Bernat Etxepare, Tolosako Laskorain eta bertako ikastolako ikasleak. Ikasturtean zehar unitate didaktikoa modu digitalean landu ondoren, unitatearen azken atala aurrez aurre lantzeko aukera izan zuten, elkar ezagutu eta Erribera zein Tutera hobeto ezagutzeaz gain.
  • Bestetik, Txikiak Handik Garabide elkartearekin duen hartu-emanari esker, “Mai da bai eta ezetzik ez dago” maputxeen hizkuntzaren biziberritzeari buruzko dokumentala Tuteran aurkeztu genuen.