Txikiak Handi munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzeko eta haien arteko zubiak eraikitzeko sortutako Nafarroa Oinezen proiektu iraunkorra da. Nafarroa Oinez besta bidelagun, euskararen eta euskal kulturaren aldarrikapenetik hizkuntza anitzen mundurantz zabaltzeko eta hizkuntza guztiak errespetatuak izateko eskubidea lortu nahi da. Ekimenaren baitan Txikiak Handi manifestua sortu zen eta beroren sinatzearekin zera da bilatu nahi dena: hizkuntza gutxituen normalizazioaren aldeko babesa sustatzeko pertsona zein erakundeen atxikimendua. Hala, hizkuntzekiko babesa, legaltasun osoa eta gizarteko alor orotan erabiltzeko eskubidea segurtatu ahal izateko.
Txikiak Handi ekimena 2009an sortu zen Etxarriko Andra Mari Ikastolaren eskutik. Ordutik hona egindako ibilbidea oparoa izan da: Europako hizkuntza gutxituen sarea sortu da, hizkuntza gutxituak dituzten munduko zenbait ordezkariekin izan gara, Argentina, Japonia, Madril eta Finlandiako unibertsitatetan euskara irakasten duten irakasleen ordezkaritza izan dugu, Amerikar kontinentera salto eginez bertako aymara, maya kaqchikel, maya yucateco, nasa, nahualt, mapuzugun eta quechua hizkuntzen ordezkariek bisitan hartu ditugu, Galizian Ikastola ereduan oinarrituta eta galego hutsean izanen den “Semente” eskolako ordezkariekin lanean jardun gara, Escola Valenciana, Kaxubia eta gure ikasleen arteko hartu-emanak izan ditugu, topaketak antolatu ditugu Behatokia eta Garabide Elkartearekin batera…
Altsasuko Iñigo Aritzak antolatutako 2018ko Nafarroa Oinezen bitartez, eta Sakanako Mankomunitatearen laguntzaz, hizkuntza gutxituetan aritzen diren hedabideen inguruko jardunaldi arrakastatsua burutu zen Oinez egunaren bezperan. Europako Hizkuntza Gutxituen Batzordean eta Eleaniztasuna Batzordeko Johan Haggman, kazetaria, antropologoa eta EHUko irakaslea den Idurre Eskisabel, Juan Kruz Lakasta kazetaria, Mexikoko Yucatango Radio Yúuyum ordezkatuz Yazmín Novelo, Galesetik Elin Haf Gruffydd Jones eta Irlandatik Rónán Mac Con Iomaire izan ziren gurekin. Euskaraz aritzen diren tokiko hedabideak ere bidelagun izan genituen, Beleixe irratia eta Guaixe astekaria. Bierrik Elkarteak sortutakoak dira biak, bere helburuei jarraiki, euskal komunikabideak sortu eta bultzatzea alegia.
Jardunaldiaren ondorioz hartu-emana sortu da Guaixe eta Mexikoko Yúuyum irratiaren artean, lankidetza, eta beronen harira artikulu eta eduki ugari argitaratzen dituzte maien eta euskaldunon hizkuntzetan. Honako lotura baliatuz gero, aipaturiko berriak irakurri ahal dira.