Gure Hizkuntzen Tamaina

5. Jarduera

CALVET BAROMETROA (Estimatutako denbora: ordu bat)

Munduko hizkuntzei buruzko hainbat datu ikasi dugu, baina guztiok ongi dakigunez, hizkuntzen egoera ez da berdina. Are gehiago, hizkuntza beraren egoera ez da berdina leku guztietan.

Hizkuntzen bizi-indarrari buruzko informazio gehiago jasotzeko, Calvet Barometroari buruzko bideoa ikusiko dugu talde handian.

Bideoa ikusi eta gero, irakaslea Calvet Barometroaren webgunean sartuko da, eta barometroak nola funtzionatzen duen azalduko du. Irakaslearen laguntzaz, bertan erabiltzen diren aldagaiak identifikatuko ditugu. Interesgarria eta dibertigarria da aldi berean. Eta zuen hizkuntza Calvet barometroan agertzen al da? Horrela bada, zer nolako bizi-indarra aitortzen zaio? Zenbatgarren posizioan kokatzen dute?

Unitatearekin hasi ginenean ikusitako bideoan Kike Amonarrizek esan zigun txinera dela munduan hiztun gehien duen hizkuntza, baina Calvet Barometroan txinera ez da lehenengo postuetan ageri. Txineraren ordez, zein agertzen da 10.postuan? Zergatik izen horrekin eta zergatik postu horretan? Egin ezazue gogoeta hau talde txikitan eta gainontzeko taldeekin konpartitu. Ariketa hau ahoz eginen dugu.

Zein hizkuntza agertzen da 10.postuan? Zergatik izen horrekin?
Zergatik leku horretan?
   

Amaitzeko, euskara txikia den uste zabalduaren arrazoiez galdetuta, Euskal Herrian aski ezaguna den kazetari, soziologo eta bertsolariak, Jon Sarasuak, emandako erantzunaren bideoa ikusiko dugu.

Zer iruditzen zaizue esaten duena? Zuen hizkuntzan ere antzeko zerbait gertatzen dela uste duzue? Hizkuntza txikiak-hizkuntza handiak terminologia egokia dela uste duzue? Egin dezagun ahozko hausnarketa hau guztion artean.

Nahi baduzue, hurrengo helbidean zuen hausnarketak konpartitu ditzakezue minutu t`erdiko bideoetan (zuen irakasleak pasahitza emango dizue).