Paz de Zigandak hirugarrenez hartu du bere gain ikastolen mundua festa eta ospakizun giroan biltzeko helburua. Helburu hauekin egiten dugu:

Ikastola gara

Gure hezkuntza ereduarekiko nortasuna eta kidetasuna indartzea bilatzen dugu. Kooperatibismoan eta autonomian oinarritutako hezkuntza-eredu propioa, lidergorako bokazioarekin, une bakoitzean eredu berritzaileenak ezarriz. Komunitate zabal baten parte gara: 15 ikastola Nafarroan, eta 100 baino gehiago Euskal Herri osoan, elkarrekin ikasiz, pertsona gaituak heziz. Sare horri esker, euskarazko hezkuntza eskaintzen da Nafarroako lurralde osoan, muga administratiboetatik haratago.

Herria gara

Gizarte-ekimen irekiko proiektu bat gara, gure inguruneari lagundu nahi diona (ikastolak herriari) eta gure inguruko elkarte, erakunde eta bestelako gizarte-eragileekin loturak sendotzeko zubiak ezarri nahi dituena. Gizartea euskalduntzen laguntzen dugu, hezkuntza-eredu propioa eta berritzailea eskainiz.

Euskara gara

Euskaraz bizi eta gure kulturaz gozatu nahi dugu, mundura zabalik; euskara eta euskal kultura zabaltzeko konpromisoa hartuta, euskararen erabilera sustatu nahi dugu, bai gure komunitatean, bai gizartean oro har. Euskaraz bizitzearen leloa biziberritu nahi dugu, eta lau haizeetara zabaldu. Besteak beste, euskara eta bere kultura sustatzeko, babesteko eta bere ongizaterako interesgarriak diren beste eragile batzuen harremana eta inplikazioa sustatu nahi ditugu. Ekarpena egin nahi dugu euskaraz bizitzea ez dadin amets bat izan, errealitate bat baizik.

Hizkuntza gara

Ikastolok irakaskuntza eta ikaskuntza prozesu integral eta integratzailea bermatu nahi dugu. Gure nortasunaren ezaugarrietako bat autonomia da, baita pedagogiarekin eta hezkuntza-metodologiarekin lotutako erabakietan ere. Horri esker, eta etengabeko hobekuntzan murgilduta, gure hezkuntza-prozesua gizarteak eskatzen dizkigun benetako beharretara egokitzen dugu. Nafarroa Oinezen, besteak beste, erantzukizun ekologikoa, aniztasunaren integrazioa eta jasangarritasunarekiko konpromisoa landuko ditugu. Gaitasun horiek gure hezkuntza proiektuaren bidez garatzen ditugu, gure ikasleak etorkizuneko herritar arduratsuak eta konprometituak izan daitezen.


Sozialak gara

Nafarroa Oinez honen helburua gure inguruko proiektu sozialetan inbertitzea da, ikastolako familietatik haratago, gizartearen zati batek horietaz gozatzeko aukera izan dezan. Era berean, aniztasunaren eta bizikidetzaren tratamendua aberastu nahi dugu, egungo eta etorkizuneko beharretara egokituz. Asko izan dira gure historian zehar landu eta lagundu ditugun proiektu sozialak, eta aurten, Nafarroa Oinez antolatuko dugun honetan, pertsonen zaintza eta hazkundea sustatzeko konpromisoa berretsi nahi dugu.

Jasangarriak gara

Gure hezkuntza-ereduaren jarraipena ziurtatu nahi dugu, baliabide propioak zein ingurukoak modu eraginkor eta jasangarrienean kudeatuz.



Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia