Ikastolak herriari 24. Non eta Mugan

 

 

Euskal Herrian badira periferiatik euskara lantzen duten eragile ugari, horietako bat Ikastolen mugimendua da.

Ikastolek historian zehar toki guztietan izan dute misio bera, periferiako ikastolek ere badute: jendartea euskalduntzeaz gain, euskalduntasun horren bitartez euskal kultura indartzea. Hori baita euskal identitatea garatzeko bide sendoena.

Ez da erraza izan eta oraindik ere zaila izaten jarraitzen du ikastola hauek pairatzen duten egoera sozio-politikoari aurre egitea. Aurrera egiteko dedikazio eta militantzia handia behar izaten dute.

Lege babes urriarengatik edo egoera soziolinguistiko zailarengatik, edota bi motiboen uztartzearengatik, euskararen ahotsa apala da Euskal Herriko toki askotan.

Martxoaren 10ean, eremu horietan diharduten ikastolei egindako aitortzaren helburua, euskara eta euskal kultura lantzeari dagokionez, ikastolak eragile garrantzitsuak direla aldarrikatzea da baita habia horien berebiziko esanguraz ohartaraztea ere.

Hala izanik, Nafarroako lau ikastola izan ziren omenaldia jaso zutenen artean: aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen ari den Zangozako Ikastola, Lodosako Ibaialde Ikastola, Vianako Erentzun Ikastola eta Tuterako Argia Ikastola. Berauekin batera, Oiongo San Bizente Ikastola, Balmasedako Zubi Zaharra Ikastola, Sohütako Eperra Ikastola eta anfitrioi lanak egin zituen Beskoitzeko Ikastola.

Omenaldia jaso zuten ikastoletako ordezkariek bihotzez eskertu zuten Euskal Herriko ikastolek haiekiko egindako keinua eta emandako babesa.

Informazio guztia: https://nonetamugan.blogspot.com/