Sakanako bihotzean

1969. urtean jaio zen Andra Mari Ikastola. Familiek auzolanean sortu eta hezkuntza-kooperatiba gisa garatutako proiektua da eta orduan bezala, egun ere, euskararen eta euskal kulturaren sustapenarekin erabateko konpromisoa duena.

Andra Mari Ikastola Sakanako bihotzean kokatuta dago: Hiriberri, Ihabar, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Unanu, Dorrao, Lizarraga, Etxarri Aranatz, Lizarragabengoa, Bakaiku eta Iturmendiko ikasleak hartzen ditu. 2022/2023 ikasturte honen hasieran, 247 familia, 56 langile eta 409 ikasle dituen hezkuntza komunitatea osatzen dugu.

Herritik eta herriarentzat lan egiteko sortua, gure eskualdeko bizitzaren eragile aktiboa bilakatu da azken bost hamarkadetan.

Mugarri esanguratsuenak

Guraso eta herritar talde zabal batek elkarlanean abiatutako ametsa da Andra Mari Ikastola. Amets horrek berrogeita hamahiru urte bete dituen honetan, ezin ahaztu hain denbora luzean, euren inplikazioa, eskuzabaltasuna eta lanerako gogoa agertu duten guraso, irakasle, langile, ikasle eta herritar guztiak. Azken finean, egungo Andra Mari Ikastola herri-proiektua denon artean egindako lanak egin du posible.

Berrogeita hamahiru urte hauetan jasotako uzta oparoa izan bada ere, ez dira gutxi izan bidean aurkitutako oztopo, arazo eta erronkak. Hona hemen gure historiaren datarik esanguratsuenak:

  • 1969: Andra Mari Ikastolaren sorrera, 12 ikaslerekin.
  • 1989: Andra Mari ikastolaren lehen Nafarroa Oinez festa, Nafarroa euskaldun lelopean.
  • 1994: Andra Mari Ikastolaren 25. urteurrena.
  • 1995: Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolek Sakana ikastola sortu zuten, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezarri ahal izateko. Lerro bana ezarri zen ikastola bakoitzean.
  • 1996: bigarren Nafarroa Oinez, Herrikolore lelopean.
  • 1998-1999: DBHko lehen promozioa atera zen ikastolatik.
  • 2009: hirugarren Nafarroa Oinez, Txikiak handi lelopean.
  • 2015: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako eraikin berria estreinatu genuen.
  • 2019: Andra Mari Ikastolak berrogeita hamar urte bete zituen.
  • 2023: laugarren Nafarroa Oinez antolatu eta ospatuko dugu hotsein! lelopean.

Hezkuntza-proiektu eraldatzailea

Ikastolan egiten duten 14 urteko ibilbidea amaitutakoan, gure ikasleak zer nolako pertsonak izatea nahiko genuke? Galdera horren erantzunean oinarritzen da gure ekinbidea. Gazte euskaldun konprometitu eta eleanitzak, kritikoak, autonomoak, kooperatiboak, komunikatzaileak, adeitsuak, sortzaileak, ziurrak eta ekintzaileak hezi nahi ditugu.

Modu horretan ulertzen ditugu pertsonak Andra Mari Ikastolan. Ikuspegi horretatik abiatuta Haur Hezkuntzan Txaigorri proiektua gauzatzen dugu. Lehen Hezkuntzan, Kimu proiektuak jarraitzen du eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, EKI proiektuaren barnean murgiltzen dira gure ikasleak.

Hirurak konpetentzietan oinarritutako proiektuak dira, eta gaur egungo gizartearen eskakizunei erantzuteko prestatuak daude. Izan ere, dagoeneko ez da nahikoa jakintza akademiko soila eskuratzea. Edozein bizitza egoerari aurre egiteko gai izatea lortu behar du ikasleak.

Andra Mari Ikastolan, euskara, Euskal Herria eta Euskal Curriculuma ditugu ardatz eta oinarri; hezkuntza euskalduna eskaintzen dugu, baina eleaniztasunetik eta munduaren ikuspegi zabal batetik abiatuta; ikastoletako profesionalek sortutako ikasmaterial propioak erabiltzen ditugu; pedagogia aurreratu eta aurrerakoia daukagu; eta gainontzeko ikastolekin batera, aitzindari gara Informazio eta Komunikazio Teknologiaren erabileran.

Hezkuntza eraldatu nahi dugu gizartea eraldatzeko. Gizarte justuago, parekideago, osasuntsuago, euskaldunago eta zoriontsuago bat eraiki nahi dugu Andra Mari Ikastolan.

Gure proiektuak, Euskal Herriko 114 ikastolek osatzen dugun kooperatiba europear baten oinarri eta bermea dauka. Guztion arteko auzolaneko lankidetzak proiektu sendo bilakatu du ikastola.

Gure Oinez festak

1989an lehenengo Nafarroa Oinez festa antolatu zuen Andra Mari Ikastolak, Nafarroan euskaldun lelopean. OHOko bigarren lerro bat legeztatzea zuen helburu, eta, horretarako, egokitzapenak egin behar ziren Maixuen etxeko eraikinean.

1996an bigarren Nafarroa Oinez antolatu zuen, Herrikolore lelopean. Dirua Eskola Zaharreko eraikina LOGSEk DBH martxan jartzeko arautzen zituen baldintzetara egokitzeko baliatu zen.

2009an hirugarren festa antolatu zuen, Txikiak handi lelopean. Europako hizkuntza gutxituen herrialdeekin harremanetan jarri zen lehenengo aldiz Nafarroa Oinez, Txikiak Handi proiektu iraunkorrari hasiera emanez. Urte horretan, bestalde, lehen Oinez Basoa sortu zen. Lortutako baliabideak HHko eta LHko eraikin berria egiteko baliatu ziren.



Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia