Garces de los Fayos Ikastolak Nafarroako Erdialdeko ehunka haur euskaldundu ditu denbora luzez; murgiltze eredu linguistikoaren bidez, hezkuntza-proiektu sendo, berritzaile eta kalitatezkoa eskainiz.
Gaur egun, gure hizkutza irakatsi eta sustatzeko orduan, Erriberriko Merindadean D eredua eskaintzen duen ikastetxe bakarra da. Edozein modutan, bere sorrera apala izan zen.
LEHEN HAZIA
Gure Ikastola 1970ean sortu zen zortzi familia ausart eta euskaltzaleri esker. Garai hartan ezinezkoa zirudiena egia bihurtu nahi izan zuten: haien seme-alabei euskarazko hezkuntza eskaintzea; non eta... Tafallan. Beraz, zortzi ikaslerekin osatu zen Ikastolako lehenengo gela.
Lehen urte haiek ez ziren errazak izan, hamaika eragozpen eta hamaika zailtasun gainditu behar izan zituztelako, baina atsotitzak dioen bezala: “Ogi gogorrari, hortzak zorrotz”; eta gogotsu bezain kementsu arazo guztiak gainditzen joan ziren.
Horrela, auzolanean, Tafallan Ikastola eraikitzen hasi ziren, legez kanpo, lokalik gabe eta familiek egindako edo utzitako materialekin. Hala ere, trabak traba eta oztopoak oztopo, 1979an beste familia ausart batzuek OHOri hasiera ematea erabaki zuten eta 1987an hamar ikaslez osaturiko lehen promozioa atera zen Ikastolatik.
KIMU BATZUK
Orduz geroztik, asko izan dira emandako aurrerapausoak, besteak beste, arazo legal nahiz administratiboak gainditzeko.
Legalizazioa 1987. urtean iritsi zen; ordura arte, ikasleak, nahiz eta ikastolan ikasi, eskola publikoan matrikulaturik zeuden legalki, eta hor zituzten beraien eskola-kartillak. 1990ean Haur Hezkuntzako etapa legeztatzea lortu zen.
Beste une garrantzitsu bat 1994an heldu zen. Urte horretan, mobilizazio eta protesta askoren ondoren, Bigarren Hezkuntzako etapa osoa emateko baimena lortu zen, hamasei urte bete arte, hain zuzen.
LURRA ETA URA
Nafarroa Oinez bakoitzak bultzada ekonomiko eta emozional handia eman dio ikastola honi. Izan ere, haiei esker, helburu aunitz lortu baitira: gure hezkuntza-proiektua ezagutaraztea, laguntza ekonomikoa lortzea, jendearen atxikimendu nahiz maitasuna sentitzea… Horrelako zerbait antolatzeak lan handia dakar eta erronka ikaragarria da, baina beti merezi izan du.
-1986an, “Oinez edo hegaz, beti euskeraz” lelopean, gure lehenengo jaia ospatu genuen, eta horri esker Ikastolaren eraikinean hobekuntza garrantzitsuak egin ahal izan genituen.
-1997an ikasle kopurua handituz zihoan, eta ikastolaren eraikina txiki geratzen ari zen. “Lan ta lan auzolan” izan zen gure bigarren Nafarroa Oinezen leloa eta lortutako laguntza ekonomikoari esker, eraikina handitzeari ekin ahal izan genion.
-Hamalau urte geroago, 2011an, espazio premia berriak sortu ziren. “Hamaika11n” ekimenak ez zuen huts egin eta, hirugarren Nafarroa Oinezen ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza etaparako eraikin berria eraikitzeko obrak hasi ziren. 2015ean inauguratu zen.
GAUR EGUNGO FRUITUAK
Gaur egun, Garcés de los Fayos Ikastola gurasoen irakaskuntza-kooperatiba da, Nafarroako Ikastolen Elkartean (NIE) eta Euskal Herrikoan (EHI) sartuta dagoena.
223 familia, 35 langile eta 318 ikaslez osaturik dago. Azken hauek Nafarroako Erdialdeko hainbat tokitatik datoz: Amatriain, Amunarrizketa, Artaxoa, Artariain, Barasoain, Beire, Garinoain, Iratxeta, Larraga, Miranda, Erriberri, Puiu, San Martin Unx eta Tafallatik. Gainera, 644 ikasle ohik amaitu dituzte ikasketak gure Ikastolan.
Herriak eta herritarrek bultzatu zuten gure proiektu pedagogikoaren protagonistak ikasleak dira, eta hiru hezkuntza-etapetan lan egiten dugu helburu argi batekin: pertsona euskaldunak, kritikoak, eleanitzak, konpetenteak, autonomoak eta adeitsuak izan daitezen laguntzea.
GURE PROIEKTU PEDAGOGIKOA
Ikastolan uste dugu hezitzaileen zeregina laguntzea dela, etapa bakoitzean pertsona bakoitzak dituen beharrak behatuz; horrela, segurtasuna, balioak eta ahalik eta modurik integralenean garatzeko aukera emango dizkieten tresnak eskaini nahi dizkiegu gure ikasleei.
Hortaz, Ikastola ereduaren esparru pedagogikoa kontuan hartuta, azken urteotan honako hezkuntza-proiektu hauek jarri ditugu abian: SUSTRAI, Haur Hezkuntzan (3-6 urte); KIMU, Lehen Hezkuntzako lehen zikloan (6-8 urte); eta EKI, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan eta Bigarren Hezkuntzan (8-16 urte).
SUSTRAI
Sustrai proiektuak haurraren oinarriak finkatzen eta eratzen laguntzen du. Izan ere, bere nahiak eta beharrak konfiantza eta segurtasun-giroan asetzea lortzen badugu, pertsonatxo hori erabat garatuko baita etorkizunean.
Azken batean, sustraiak irmoak badira, landarea gehiago haziko da eta prestatuago egongo da biharko erronkei aurre egiteko.
KIMU
Etapa honetan garrantzitsua da haurraren urrats bakoitza gidatzea, bere bidea eraikitzen utziz, beharrak eta erritmoak errespetatuz. Laguntza funtsezkoa da baita konfiantza ematea ere; zeren, lehenago edo beranduago, loreak loratuko baitira.
EKI
Etapa berri honetan ikaslea bere ikaste prozesua gidatzeko gai da, bere helburuak erdietsi ahal izateko. Gaitasunetan oinarritutako proiektu honetan ikasitako balioek bizitzan aktiboki parte hartzeko aukera emango diote.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU