2026/05/17

Parte-hartze arrakastatsua eta giro aparta Nafarroa Oinezeko Pilota Txapelketan

Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila bitarteko Nafarroako, Oiongo eta Lapuebla de Labarcako ikastoletako ikasleek jokatu dute antolatutako pilota txapelketan, eta ekitaldi arrakastatsua izan da,  goiz osoan zehar, dozenaka haurrek parte hartu baitute. Kirol jardunaldi honen helburu nagusia ikasleen artean pilotaren praktika sustatzea eta euren arteko harremanak indartzea izan da.

Topaketan Nafarroako hainbat ikastoletako ikasleak elkartu dira, baita Oion eta Lapuebla de Labarcakoak ere; azken hauek, batez ere, Erentzun Ikastolarekin duten loturari esker. Eta ekimenean, pilotaren inguruko lehia, elkarbizitza eta bestelako jarduerak uztartu nahi izan dira.

Goiz osoan zehar jokatu diren ikasleen arteko partidez gain, bertaratutako publikoak pilota jokalari erdi-profesionalen jokoaz ere gozatzeko aukera izan du, baita jardunaldi osoan zehar izan den musikaz eta hainbat kultur ekitaldiz ere. Horrek guztiak giro aparta sortu du Zizur Txikiako ikastolaren instalazioetan.

Jardunaldi honetan lortutako emaitzek, apirilaren 26an Vianan jokatutako txapelketaren lehen itzulikoekin batera, sailkapen orokorra zehaztu dute. Horrela, puntu gehien lortu dituzten bikoteek urrian ospatuko den Nafarroa Oinezeko asteburuan jokatuko dituzte finalerdiak eta finala.        

Antolakuntzak Nafarroa Oinezeko asteburuarekin bat etorriko den jardunaldi berri bat prestatzea aurreikusten du eta xehetasunak laster emango dira ezagutzera.

Era berean, oso positiboki baloratu ditu parte-hartzea eta bizi izandako giroa, eta ikasleek eta haien familiek pilota belaunaldi berrietara hurbiltzeko ekimenak bultzatzen jarraitzeko erakutsi duten interesa nabarmendu du.

  NO Pilota Txapelketa - Zizur 2026/05/17

  NO Pilota Txapelketa - Viana 2026/04/27



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia