2025/10/08
Aurten, Nafarroa Oinez 2025 edizioak mugikortasun jasangarriaren eta inklusibitatearen aldeko apustu irmoa egin du, eta horrela, Nafarroako Gobernuak sortutako "Ekitaldi Jasangarrien Intsignia" eskuratu du. Intsignia honek ingurumen-baldintza jasangarrietan egindako ekitaldiak aitortzen ditu, eta Nafarroa Oinezen antolakuntzak horretarako hainbat ekintza zehatz burutu ditu, bereziki garraio- eta trafiko-plana berrituz.
Roberto Gabantxok, ibilbidea batzordeko burua, ibilbidea eta trafiko planaren inguruko informazioa azaldu du.
Ibilbide Berria: Urbanoa, Inklusiboa eta Irisgarria
Nafarroa Oinez 2025 ekitaldiak ibilbide berritzaile bat aurkezten du. Ez da zirkularra, eta nahiko urbanoa da, herritarrei eta bisitariei esperientzia ezberdin bat eskainiz. Ibilbidea guztiz inklusiboa da, 2.800 metroko luzera du, oztoporik gabea eta guztiz asfaltatua. Horri esker, edozein adin eta gaitasuneko pertsonek erraz gozatu ahal izango dute.
Helburu nagusietako bat Nafarroa Oinez herrira gerturatzea da, eta horretarako, herriko kolektibo guztiei parte hartzeko deia egiten zaie.
Aparkalekuak eta Gomendioak
Autoan etortzekoak direnei, antolakuntzak aurretik ongi informatzeko eskatzen die, aparkalekuak non dauden jakiteko. Aparkaleku-poltsa handienak hauek izango dira: Erripagaina, Areta eta Olloki.
Gainera, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, webgunean erreserba egitea gomendatzen da, modu horretan aparkaleku espezifikoa ziurtatu ahalko dutelako.
Nafarroa Oinez 2025-ek modu arduratsu eta jasangarrian gozatzera gonbidatzen du, ingurumenarekin eta elkarbizitzarekin dugun konpromisoa indartuz.
Xabier Alvarez de Eulatek, ingurumena batzordeko burua, jasangarritasunaren inguruko neurri aipagarrienak aurkeztu ditu.
Garraio Jasangarriaren aldeko Apustu Berdea
Ingurumen Batzordeak hainbat lan egin ditu ekitaldia jasangarriagoa izan dadin, eta horren emaitza da lortutako intsignia. Horietako ekintza nabarmenetako bat garraio plan berria da:
Mapak eta trackak argitaratuko dira erabiltzaileek informazioa erraz eskuratu dezaten. Gainera, elkargune irteeren ordutegiak dituzten taldeak sortzeko aukera egongo da. Segurtasun gomendioak ere emango dira, eta 320 bizikletentzat aparkaleku segurua egongo da ikastolaren ondoan. Gogoratu zeure kandadua ekartzea!
Adin Guztientzako Egitarau Oparoa
Mugikortasun jasangarriaz gain, Nafarroa Oinez 2025erako adin guztientzako jarduera, ikuskizun eta kontzertu-sorta zabala prestatu da, familia giroan gozatzeko. Egitarauak larunbata eta igandea hartuko ditu eta, besteak beste, honako hauek aurkituko dituzue:
Iñaki Errozek, Paz de Ziganda Ikastolako zuzendariak, hainbat ohar aipatu eta Nafarroa Oinez jaira hurbiltzeko gonbita luzatu du.
Jatekoak eta edatekoak
Ohi bezala, jateko eta edateko ugari izango da ibilbide eta guneetan zehar. Txosnaz gain, taloak, patata frijituak, kafea,… eta Benigno Mendia jantokia, non paella goxo-goxoa jateko aukera izango den Kuxkuxtu txarangak giroturik. Gainera, aurten, lehendabiziko aldiz txartelak aldez aurretik erosi ahalko dira, Nafarroa Oinez webgunearen bitartez. Halaber, glutenik gabeko eskaintza ere izango da.
Puntu Moreak
Nafarroa Oinez eremu segurua eta errespetuzkoa izan dadin, Puntu Moreak jarriko dira hiru gunetan, edozein eraso sexistaren aurrean erantzuna emateko eta aholkularitza eskaintzeko. Jaiak aske bizi eta gozatu nahi ditugulako.
Hasiera ekitaldia eta omenaldia
Hasiera ekitaldiari 10:00etan emango zaio hasiera ikastolako patioan. Lekuko aldaketa eta omenaldia berriz, 12:00etan izango dira Atarrabiako Kultur Etxean.
Nafarroa Oinez 2025, bidelagun ugari
Oinez urtean zehar ikastolak izan dituen bidelagunak asko eta asko izan dira: erakundeak, elkarteak, enpresak, saltokiak, norbanakoak... Ikastola komunitatearen izenean, eskerrik beroena helarazi nahi izan zaie guzti-guztiei. Halaber, euskaltzale guztiei urriaren 18 eta 19an Atarrabiara hurbiltzeko gonbitea luzatu zaie, Euskararen normalizazioaren aldeko aldarrikapen egunak ere badirelako eta guztiok batera indartsuagoak garelako.
EUSKARA edo EZKARA, guztiok festara!
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU