2025/04/03

Gaur hasi eta ekainaren 1era arte, Artea Oinez arte garaikidearen erakusketaren beste edizio bat bisitatu ahal izango da Kondestable Civivoxean. Urtero Nafarroa Oinezen atarikoa izan ohi da erakusketa, eta Paz de Ziganda Ikastolak antolatuko du 2025. urtean.

Ekitaldira Nafar Gobernuko, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria, Mikel Irujo, Nafar Gobernuko, Euskarabideako zuzendari-gerentea, Jabi Arakama, Nafarroako Arartekoa, Patxi Vera, Itsaso soto, Hezkuntza arduraduna, Mikel Asiain, Geroa Baiko parlamentaria, Eneka Maiz, EH Bilduko parlamentaria, Mercedes Jover, Nafarroako Museoko zuzendaria, Ignacio Ugalde, ANELeko lehendakaria, Isabel Elizalde, Eusko Ikaskuntza, Nafarroako lehendakariordea, Rebeca Ballesta Echarte, Eunate Elkartetik, Mariluz Sanz, CERMI Navarrako lehendakaria, Laboral Kutxako Maitane Bueno Zabalza eta Alicia Leon eta Nafarroako Ikastoletako ordezkariak hurbildu dira. Ekitaldian, Oier Sanjurjo, Nafarroako Ikastolen lehendakariak, Maider Nuin, Paz de Ziganda Ikastolako lehendakariak eta Josu Reparaz, Nafarroako Ikastolen zuzendariak hartu dute hitza eta Paz de Ziganda Ikastolako Helduen abesbatza eta dantza taldeko partehartzea izan da ere.


Artea Oinezen aurtengo edizioari hasiera emateko, hiru artista itsu omendu dituzte: Idoia Díaz Cámara, Javier Ruiz del Castillo, eta Pello Azketa Menaia, azken hau orain arte Artea Oinezen egin diren 28 edizioetako kolaboratzailea eta parte-hartzaile izanik. Haur Hezkuntzako ikasleek, begiak antifaz batez estaliak, margotutako oroigarri bana jaso dute.


Nabarmendu behar da Artea Oinezen aurtengo edizioaren ezaugarrietako bat inklusioa izatea izango dela; izan ere, lan handia egin da erakusketa jende guztiarentzat eskuragarri izan dadin, QR kodeak txertatuz, eta, horien bidez, lan bakoitzerako eduki irisgarri eta inklusiboak sortuz, behar duenarentzat artelanak entzungarri izan daitezen.


90 artista
Edizio honetan, 90 artistak beren lanak erakutsiko dituzte egunotan Kondestable Civivoxean, estilo, euskarri eta perspektibei dagokienez askotariko erakusketa honetan.
Inaugurazio ekitaldian, Paz de Ziganda Helduen Abesbatzak eta Paz de Ziganda Dantza Taldeak girotuta, Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko (NIE) lehendakaria; Maider Nuin, Paz de Ziganda Ikastolako lehendakaria; eta Josu Reparaz, Nafarroako Ikastolen Elkarteko (NIE) zuzendaria izan dira.


Bere hitzaldian, Oier Sanjurjo NIEko lehendakariak Artea Oinezek abangoardia artistikoetara hurbiltzeko duen balioa azpimarratu du: "Erakusketa kolektibo berri honek aukera emango du kezkaz, hausnarketaz eta proiektuz betetako mundu zirraragarri batera iristeko, eta baita aniztasuna funtsezko printzipio gisa onartzen eta arakatzen duten ikusizko unibertsoetan solas egiteko ere; Artea Oinez XXI. mendeko bizitzari eta gizarteari begiratzeko ispilu da".


Bestalde, Maider Nuin Paz de Ziganda Ikastolako lehendakariak aurtengo erakusketaren izaera irisgarria azpimarratu nahi izan du. "Euskararen eta euskal kulturaren alde lan egiteko konpromisoa hartu genuen, ikuspegi sozial eta arduratsuarekin. Hori dela eta, espazio honek artea bere forma guztietan esperimentatzeko aukera ematea erraztu nahi izan dugu, oztoporik gabeko gozamena sustatuko duen esperientzia eskuragarria eginez", adierazi du.

  ARTEA OINEZ



Itzuli
Artea Oinezen edizio inklusiboena inauguratu da #1 Artea Oinezen edizio inklusiboena inauguratu da #2

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia