2024/05/25

Gaur goizean Andra Mari Ikastolak 2023ko Nafarroa Oinezen ondorioz bermoldatutako Oinez Basoa inauguratu du Arbizun. Basoa Arbizuko Udalak utzitako lur-eremu komunalean kokatzen da, Arbizuko Kanpinetik oso gertu. Proiektuak, Arbizuko Udalaren funtsezko elkarkidetzaz gain, Unanuko Kontzeju eta Etxarri Aranatzeko udalaren laguntza izanen du.

Oinez Basoa Nafarroako Ikastolek Nafarroa Oinezekin lotzen duten proiektua da. Ideia Andra Mari Ikastolak berak 2009an antolatutako Nafarroa Oinez urtean sortu zen. Hausnarketa baten ondorioz, ikusi zen beharrezkoa zela Nafarroa Oinez festak uzten zuen arrasko ekologikoa konpentsatu behar zela. Ardura ekosozialak bultzatuta, euskara eta lurra batzen duen kontzientziazio tresna pedagogiko bilakatu da Oinez Basoa. 2009tik Nafarroan zehar 11 baso desberdin sortu dira eta 51.000 zuhaitz baino gehiago landatu dira. Horretarako ezinbestekoa izan da milaka euskaltzaleren urtez urteko babes ekonomikoa  zuhaitzak babestuz.

Inauguratutako basoa 2009an sortu zen lehen basotik abiatutako proiektua da. Azken 15 urtetan Arbizun landatu ziren espezie desberdinetako 5200 zuhaitzek eta horien itzalean sortutako ekosistemak bera garapen naturala izan dute. Basoaren barnean dagoen putzua eta ingurua animalia askoren eta ehun txori espezie baino gehiagoren babesleku bilakatu dira. Hori abiapuntua hartuta, basoan garbiketa egin da, haritz eta intxaurrondo berriak landatu dira, itxitura zaharberritu da eta txoriak ikuskatzeko behatoki integratuak eraiki dira. Azken hau da berrikuntzarik aipagarriena ezbairik gabe. Horretarako Sakanako hiru enpresen babesletza eta elkarkidetza izan da: Magotteaux, Eseki SAL eta Sakana S.Koop.

Inaugurazio ekitaldian hitza hartu dute Nafarroako Ikastolen zuzendaria Josu Reparaz Leizak, Arbizuko alkatea Francisco Javier Razkin Floresek eta Andra Mari Ikastolako lehendakaria Gotzon Perez Artutxek. Era berean, parte hartu dute hiru enpresa babesleen ordezkariek eta Andra Mari Ikastolako LH 6ko ikasleek basoan topa dezakegun altxor ekologikoaren berri eman dute. Zinta mozketa gaur egun Arbizuko ikastolan dauden haur hezkuntzako ikasleek eta orain dela 50 urte Arbizuko Ikastolak sortu zuten sortzaileek egin dute. Gonbidatuen artean Sakanako beste herrietako udal ordezkariak, modu desberdinez Oinez Basoarekin inplikatutako pertsonak eta haraneko eragile desberdinen ordezkariak egon dira. Ikastolako lehendakariak bere hitzartzean adierazi duen bezala, Oinez Basoa da Andra Mari Ikastolak beste eskola eta sakandar guztien eskura jartzen duen errekurtso natural eta pedagogikoa. Andra Mari Ikastolak Arbizkuko Oinez Basoa bere hezkuntza proiektuan integratutako baliabide pedagogikoa da hain zuzen ere.

Arbizuko Ikastolaren 50. urteurrenaren festak herrian jarraitu du. Programan trikitilariak, erraldoiak, herri bazkaria, dantzariak, herri kirolak eta musika egon da. Bazkal ostean Arbizuko Ikastolan orain dela 50 urte hasi ziren 12 ikasleak omendu dira.



Itzuli
Andra Mari Ikastolak Oinez Basoa inauguratu du Arbizun: jasangarritasunaren apustu pedagogikoa Andra Mari Ikastolak Oinez Basoa inauguratu du Arbizun: jasangarritasunaren apustu pedagogikoa

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia