2024/05/24

Nafarroako Ikastolen Elkarteak haur eta gazteentzako urtero antolatzen dituen hauteskunde literarioen idazle eta ilustratzaile bozkatuenei sariak banatzeko ekitaldia ospatu zuen atzo. JUUL sari banaketa ekitaldia Nafarroa Oinez antolatzen ari den ikastolarekin elkarlanean egiten da. Hartara, aurten, Zangozako Carmen Auditoriumean izan da Zangozako Ikastolako ikasleen partaidetza aktiboarekin eta ekitaldia ixteko Ainhoa Egizabal dantzariak ikuskizun ederra eman zuen.

Sarituak izan diren idazleen eta ilustratzaileen erantzuna bikaina izan da, oso eskertuta gaude beraien etorrerarekin. Honako hauek dira bertaratu zirenak (argazkian ezkerretik eskuinera): Amaia Egidazu, Junkal Lertxundi, Txabi Arnal, Edu Zelaieta, Nerea Loiola, Jon Arretxe, Eider Eibar, Julen Ribas eta Cristina Fernandez.

Sari-banaketa ekitaldia NIEko pedagogia arduraduna den Janire Gracia Iñurritak aurkeztu eta honako hauek hitza hartu zuten: Carlos Arcelus Rota (Nafarroa Oinez 2024, Zangozako Ikastolako lehendakariordea), Nekane Artola Labordeta (EHIko lehendakaria) eta Josu Reparaz Leiza (NIEko zuzendaria).

Ekitaldian honako lagun hauek parte hartu zuten: Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Hasier Morras Euskara Administrazio Publikoetan garatzeko zerbitzuko zuzendaria Euskarabidea ordezkatuz, Javier Solozábal Zangozako Udaleko alkatea, eta Zangozako Udaleko zinegotziak, eta ikastoletako ordezkaritza zabala izanen da.

Janire Graciak azaldu zuenez, ikastolen elkarteak 26 urte daramatza euskarazko haur eta gazte literatura sustatzen. Urtez urteko egitasmo honen zenbakiek aho bete hortz uzten gaituzte.

2024ko apirilak 11n, Euskal Herriko ikastoletako 14.991 ikaslek gustukoen duten liburua aukeratzeko botoa eman zuten eta 8.128 ikaslek ilustratzailea aukeratzeko. Benetan ikaragarriak diren zenbakiak.

Zangozako Ikastolako lehendakaria den Carlos Arcelus Rotak aipatu zuenez: “Irakurketa funtsezko oinarria da gure hezkuntza-proiektuan, komunitatean transmititzen dugu harekiko zaletasuna. Liburu bat irekitzen dugunean, apurka-apurka, gure irudimenak argia ematen dio edozein historiok dakarren ikaskuntza-bidaia horri. Magia da... ".

Nekane Artolak nabarmendu nahi izan du helduok irakurzaletasunari buruz eman dezakegun adibidea: “Helduok gazteenen jarreretan eta portaeretan eragiteko ahalmena dugula kontuan hartuta, komenigarria litzateke irakurketak eragiten duen plazera islatzea. Helduok irakurtzen dugunean, mezu indartsua bidaltzen diegu inguruan ditugun haur eta nerabeei. Irakurketa ez dela eskolako zeregina soilik, denbora-pasa atsegina eta hazkunde pertsonalerako tresna badela erakusten ari gara. Gainera, irakurketak burua elikatzeaz gain, lotura emozionalak indartzen ditu. Gaztetxoekin istorioak partekatzeak haien garapenerako baliagarriak diren konexio- eta elkarrizketa-uneak sustatzen ditu. Lo hartu aurretik ipuin bat elkarrekin irakurriz edo liburu bateko gaiak eztabaidatuz, une horiek harremanak sendotzeaz gain, balio eta perspektiba garrantzitsuak transmititzen dituzte”.

Bestalde, NIEko zuzendaria den Josu Reparazek sariaren inguruko informazioa eman zuen. Ohikoa den bezala, ikastoletako ikasleen aldetik bozkatuen izan diren idazleei zein ilustratzaileei Nafarroako Ikastolen Elkarteak aitorpen berezia egiten die. Horretarako, DORA SALAZAR artista nafarrari JUUL SARIA egin zezan eskatu zitzaion eta hori da NIEk saridunei banatu diena.

Argazkiak: Sonia Senosiain



Itzuli
JUUL 2024 LITERATURA SARIEN BANAKETA EKITALDIA JUUL 2024 LITERATURA SARIEN BANAKETA EKITALDIA

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia