2024/03/15

‘Margarita, Nafarroako erregina (1492-1549)’ liburuaren aurkezpena Zangozan Nafarroa Oinezek antolatuta

Margarita, Nafarroako erregina (1492-1549) liburua aurkeztu zuten atzo arratsaldean Zangozako Karmengo entzunaretoan. Nafarroa Oinez eta Nafar Ateneoak elkarlanean bultzatutako jarduera honetan Margarita bezalako emakume aurrerakoi baten historia ezagutzeko balio izan zuen.

Ixabel Etxeberria idazlearen lan berri honek Margarita Nafarroakoak idatzi zituen antzezlan eta eskutitzak berreskuratzen ditu. Kultura handiko emakumea izan zen eta obra ugari idatzi zituen XVI. mendean: poesiak, otoitzak, antzezlanak, ipuinak… 21 lan inguru argitaratu zituen, frantsesez beti. Horietatik, ezagunena, Heptameron istorio bilduma da. Baina Margarita ez zen bakarrik kultur arloan aritu, politika eta diplomazia arloetan ere.

Egileak hiru antzezlan esanguratsu itzuli ditu. Horietan ikus daitezke Margaritaren kezka desberdinak: medikuntzan aurrerapenak, azken urteetako gogoetak (senarrarekin harremana, alabaren ezkontza, etab.)…Horretaz gain, Nafarroako erreginak bere alabari, Joana III.a Albretekoari, bidaltzen zizkion gutunak irakur daitezke.

Margarita Nafarroakoak harremana du Zangoza herriarekin. Nafarroako erregina bihurtu zen 1527. urtean Enrike II.a Albret zangozarrarekin ezkondu zenean eta egun, herriko plaza batek Margaritaren izena darama bere omenez. Horregatik, jarduera berezia izan zen atzokoa. Etxeberriak aurkezpenaren hasieran adierazi zuen bezala: “Zangoza memoria zaintzen duen herria da eta euskararen alde egiten duen herria da”.

Heptameron abesbatzak garaiko hainbat obra interpretatu zituen: “Segur aski Margaritak berak entzungo zituen abestiak dira”, adierazi zuen kideetako batek. Emakumeen ahotsek Karmengo entzunaretoa bete zuten eta amaiera ederra eman zioten aurkezpenari.



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia