2023/11/27

Txalapartaren hotsak piztu du Nafarroa Oinez Zangozan!

Zangozako Ikastolak Nafarroa Oinez aurkeztu dio Zangozaldeari Cantolagua pilotalekuan. Batetik, 2024ko Nafarroa Oinezen helburuak, leloa eta logotipoa aurkeztu dituzte, eta bestetik, Nafarroa Oinezeko aurtengo materialaren desfile herrikoia egin da.

Ikastolako irakasle eta ikasle ohi batek lankidetzan eta txantxa artean aurkeztu dute sorpresaz beteriko ekitaldi hunkigarri eta entretenigarria. Asmoa Zangozaldean Nafarroa Oinezen mezua zabaltzea eta aurrean daukagun urte osoan zehar lan egiteko eta disfrutatzeko gogoak piztea izan da. Hau baita aurtengo leloa: Piztu!

Bidaiarekin hasteko, Ikastolako lehendakaria den Carlos Arcelusek eta Zuzendaria den Nagore Oriak ipuin hunkigarri batean murgildu gaituzte ikastolako ibilbide guztia irudien bitartez gogoraraziz. Ondoren, aurtengo Nafarroa Oinezen helburuak azaldu dituzte defileaz baliatuz eta honetan Zangozaldeko hainbat kolektibok izan dira protagonista. Nora abesbatzaren Txoria-txorikantuak bihotzak ukitu ondoren, helburuen aurkezpenari ekin diote:

Piztu baliabideak

Hiru Nafarroa oinez antolatu ditu Zangozako Ikastolak orain arte eta haiei esker ikastola garatzen joan da. Euskalzaleon saretzeak eraman izan ditu aurrera ekimen hauek.

Piztu energia berriztagarriak

Desfilearen zati honetan herriari energia berezia ematen dioten taldeek hartu dute parte, gure herriko energia Pizten dituztenak: kirolarekin lotuak daudenak, musikarekin lotura duten taldeak, energia bukatzen ez zaienak, energia berezia dutenak, energia morea bidaltzen digutenak…

Piztu auzolana

Auzolana ikastolen identitate da eta Zangozako ikastolaren oinarri. Guztion elkarlanik gabe ezingo lukete orain dauden lekuan egon, ezta Nafarroa Oinez antolatu ere. Eguneroko auzolana da.

Piztu euskara eta kalitatezko hezkuntza

Zati honetan urteetan Zangozaldean euskara sustatu eta ikusarazten duten elkarteek hartu dute parte. Herrietan euskara bizirik mantentzen duten elkarte txiki baina indartsuak, inguruko anai-arreba diren ikastolak baita kalitatezko hezkuntza musikala herriari eskaintzen dion musika eskola ere.

Ikastola osatzen duten hiru zutabeak irudikatu dituzte desfilearen azkeneko zatian, guraso, langile eta ikasleak.

Jantzita arropa eta material dotoreak ikusi ahal izan dira desfile osoan zehar, adin eta tankera guztietarako egokiak. Guztira, zonaldeko talde eta kolektibo desberdinetako 150 pertsonek hartu dute parte desfilean.

Azkenik, Zangozaldea saretzen eta Zangozako ikastola eraikitzen jarraitzeko gonbitea igorri dute. Jaialdiarekin amaitzeko 2024ko Nafarroa Oinez auzolanean eraikiko dela gogorarazi dute eta herria batzordeetan parte hartzera gonbidatu dute, eskerrak emanez. Jaialdira 700 pertsona baino gehiago bertaratu dira.

  Aurkezpena eta desfilea



Itzuli
Txalapartaren hotsak piztu du Nafarroa Oinez Zangozan! Txalapartaren hotsak piztu du Nafarroa Oinez Zangozan!