2023/05/26
Gaur arratsaldeko 18:30etan ireki dizkio ateak Lakuntzako Kultur Etxeak, ekainaren 4ra arte ikusgai izanen den “Artea Oinez” erakusketaren XXVI. edizioari. Aurten, Artea Oinezek eta Etxarriko Andra Mari Ikastolak, Asun Goikoetxea artista bakaikuarra omendu nahi izan dute, arteari eta kultura garaikideari, euskarari eta ikastolekin beti izan duen lankidetza eskuzabalari egindako ekarpenagatik.
Erakusketan 30etik gora artelan ikusi ahal izanen dira eta batez ere, Sakanako artisten lanei egin zaie lekua. Obra bilduma honetan margolanak, bideoak, grabatu/inprimatze digitalak, argazki/kollageak eta eskulturak ikusi ahal izanen dira. Sakanako artistei dagokionez, pinturak dira gehienak eta eskulturetan altzairu galbanizatu eta brontzezko piezak daude. Esan beharra da, Gorka Flores urdiaindarraren lanak zura ere baduela.
Artelanak Iruñeko Kondestablearen Jauregian izan dira Lakuntzara etorri aurretik eta obren kalitate maila dela eta, bi aldiz luzatu da erakusketa ikusteko epea Nafarroako hiriburuan.
Hasiera ekitaldia
Hitza hartzen lehena, Izaskun Errazkin, Andra Mari ikastolako lehendakariordea izan da eta erakusketa bisitatzera gonbidatu ditu sakandar guztiak. Errazkinen esanetan, erakusketa honekin “helduak bakarrik ez, gazteak eta haurrak ere artearen eta sormenaren mundura hurbildu daitezen nahi dugu”. Ondoren Josu Reparaz, Nafarroako Ikastolen elkarteko zuzendari eta erakusketaren komisarioak, erakusketan dauden obren azalpenak eman ditu eta bukatzeko otamen bat ere eskaini dute Nafarroa Oiez 23ko arduradunek.
Tailerra
Erakusketaz gain, larunbata 27an, goizeko 11:00etatik aurrera haurrei zuzendua dagoen Arte Tailerra eginen da Lakuntzako Kultur Etxean.
Ordutegiak eta egutegiak
Obra bilduma maiatzaren 26tik ekainaren ekainaren 4ra izanen da ikusgai Lakuntzako Kultur Etxean eta ordutegiari dagokionez, astegunez 17:30 - 20:00 eta larunbatetan eta igandeetan 12:00-14:00 / 17:30-20:00 Ekainaren 3an itxita egonen da.