2022/09/17

Txan Magoaren magiak Tafalla hartu du

Adin guztietako ehundaka pertsonak Txan Magoak eskainitako ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten atzoko arratsaldean Tafallako Kulturgunean. Hausle izena duen eta ordubete irauten duen emanaldi honetan magoa ikusleen zentzumenekin jolastu zen eta guzti-guztiak, heldu zein txiki, harriturik geratu ziren.

Ekitaldi honek amaiera eman dio Nafarroa Oinezen preludio gisa antolatutako ekimenei, Euskaltzaindiak hilaren 23an eginen duen bisitaren faltan. Ildo horretan, beharrezkoa da gogoratzea Nafarroako ikastolen jaia Zidakosen hiri zaharrean ospatuko dela urriaren 16an. Erdian Erein lelopean ospatuko den jaia, hain zuzen ere, auzolanari eta ehundaka laguenen laguntzari esker eginen da.

Nafarroa Oinez hau herrian ospatuko den laugarrena da. Lehenengoa 1986an burutu zen eta horren ondotik 1997. eta 2011. urteetakoak izan ziren. Gaur egun Ikastola (aurten 50+2. urteurrena ospatu duena) 223 familiek, 35 langilek eta Erdialdeko hainbat zonaldetatik datozen 318 ikaslek osatzen dute; Amatriain, Amunarrizketa, Artaxoa, Artariain, Barasoain, Beire, Garinoain, Iratxeta, Larraga, Miranda, Erriberri, Puiu, San Martin Unx eta Tafalla, besteak beste. Ikasleei dagokionez, jada 644 ikasle dira gure Ikastolan ikasketak bukatu dituztenak.



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia