2026/05/04
Nafarroa Oinez 2026 antolatzen duten ikastolek, Erentzun Ikastolak eta San Fermin Ikastolak, Nafarroako Ikastolen Elkartearekin batera, Zizur Nagusiko Kultur Etxean egin zen Juul sarien banaketan parte hartu zuten joan den ekainaren 5ean.
47 ikastolatako milaka ikasleren botoei esker, euskarazko literatura eta ilustrazioaren aldeko idazle eta ilustratzaileen lana saritu zuten beste urte batez. Hala, 28 urteko ibilbidea duen Juul proiektuaren sendotasuna agerian geratu zen, irakurketa sustatzea eta euskarazko kultur sorkuntza bultzatzea ardatz nagusi dituena.
Joan den apirilaren 23an egindako bozketan 14.817 boto izan ziren euskarazko liburuen kategorian eta 8.251, ilustrazioarenean. Ekitaldian parte hartu zuten sarituen artean Maite Mutuberria, Leire Bilbao, Nuria Figueras, Unai Elorriaga, Itxaso Martin, Nerea Loiola, Jasone Osoro, Jon Arretxe, Eider Eibar, Joseba Larratxe “Josevisky” eta Julen Ribas zeuden. Saritutako pertsonek Celia Eslava artistak Juul sarietarako espresuki sortutako lan bat jaso zuten, eta horren esanahia ekitaldian zehar azaldu zen
Nafarroa Oinezen izenean, Eider Sagastibeltza Floresek nabarmendu zuen Juul kanpainak bete-betean partekatzen dituela ikastolen hezkuntza helburuak: euskararen transmisioa indartzea eta munduari begirada irekiarekin euskaraz bizitzeko, sortzeko eta moldatzeko gai diren gazteak trebatzea. Ildo horretan, idazleen eta ilustratzaileen lanaren garrantzia azpimarratu zuen, haien lanak ikasleen hizkuntza-gaitasuna aberasten eta haien irudimena pizten laguntzen baitu.
Bere aldetik, Oier Sanjurjo Maté Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak irakurketa sustatzearen garrantzi estrategikoa azpimarratu zuen, pantailek eta berehalakotasunak markatutako garaian. Bere hitzaldian, liburuek irudimena garatzeko, mundua ikuspegi berrietatik ulertzeko eta hazkunde pertsonala bultzatzeko tresna gisa duten balioa defendatu zuen.
Nafarroako Ikastolen Elkarteko pedagogia arduradunak, Janire Gracia Iñurritak, Juul sari banaketa baino askoz gehiago dela gogorarazi zuen. Azaldu zuenez, ikasturte osoan zehar ikastoletan irakurzaletasuna sustatzeko egindako lana irudikatzen du, eta ikasleek idazle eta ilustratzaileekin ezartzen duten loturaren ospakizuna ere bada.
San fermin ikastolako ikasleak zeremoniako protagonista izan ziren.Ikasleek beraiek sariak sarituei banatzeko ardura izan zuten,modu horretan,ikasleak benetako protagonista diren ekimenaren parte-hartze izaera indartuz.
Ekitaldia hasteko, Xalbadorren heriotzean abestu zuten Iraia Velascok eta Miren Jimenezek gitarran, eta Saioa Labeagak oboean. Erakundeen hitzaldien ostean, Anie Aldasoro Aramendiak errezitaldi hunkigarria eskaini zuen.
Eguneko unerik berezienetako bat amaieran iritsi zen, Zuriñe Larrainzar ikasleak, Hasier Moreno irakaslearen laguntzaz, hiru ilustratzaile sarituak aho zabalik utzi zituen opari oso pertsonal batekin: bakoitzaren estilo artistikoa aztertu ondoren, bere obran inspiratutako marrazkia egin zuen eta aitortzaren erakusgarri gisa eman zion.
Ekitaldian, gainera, erakunde eta gizarte arloko ordezkaritza zabala izan zen, besteak beste, Ana Ollo Hualde, bigarren lehendakariordea eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilaria; Irantzu Zabalza, Zizur Nagusiko Udalaren izenean; Uxue Barkos foru senataria; Jabi Arakama, Euskarabideko zuzendari gerentea; Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakaria;Nekane Artola ; baita Nafarroa Oinezeko eta Nafarroako ikastoletako ordezkariak ere.
Lege oharra
Pribatutasun politika
Cookie-en politika
Web garapena: Aldor Internet
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU