2026/03/28

Ekitaldian, Nafarroa Oinez 26rako diseinatu duten arropa aurkeztu ere egin dute, hainbat familia eta elkarteren eskutik egin duten desfilean.

Iragan larunbatean aurtengo Nafarroa Oinezen aurkezpena egin zuten Vianako Erentzun Ikastolak eta Zizur Txikiko San Fermin Ikastolak. Ekitaldia Vianako Kultur Etxean izan zen, eta lagun ugari bertaratu ziren Bidean bat gara lelopean urriaren 18an ospatuko den euskararen festa handiari babesa ematera.

Ekitaldiari hasiera emateko, bi ikastoletako hainbat ikaslek aurtengo Oinezaren leloarekin egindako puzzle bat osatu zuten. Anabel Arraiza eta Martxelo Sotes izan ziren ekitaldiaren aurkezle eta, haien hitzetan, “gure hizkuntzak pieza guztiak beharrezko ditu, pieza guztiak baitira bata bestearen osagarri”. Korrikari ere aipamena egin zioten. “Korrika bezalaxe, Nafarroa Oinez ere, ttipi-ttapa ibili da bere historia luzean”, ekarri zuten gogora. Eta, Oinezen aurtengo leloari erreferentzia eginez, “euskararen aldeko bidean bat egitea” zein garrantzitsua izan den ere azpimarratu zuten.

Jarraian, Erentzun ikastolako lehendakariak, Marta Tejadak, eta Eider Sagastibeltzak, San Fermin Ikastolako lehendakariak, hartu zuten hitza. Bi ordezkari instituzionalek aurtengo Oinezen helburuak azaldu zituzten eta horien artean aipatu zuten, lehentasun gisa, “Nafarroan euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesuan aurrera egitea” . Ikastolen sorreratik pasatako sei hamarkadetan egindako lanak emandako “fruituak” balioetsi zituzten eta, horrekin batera, esan zuten “oraindik ere euskararen normalizazioa lortzeko bide luzea” dagoela aurretik. Horregatik, berretsi zuten ikastolenak “etorkizuneko proiektua” izaten jarraitzen duela, “euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bermatzeko”.

Amaitzeko, 2026ko Nafarroa Oinez “euskaldun eta euskaltzale guztien topagune” izan dadin lan egiten ari direla azpimarratu zuten eta, bide horretan, “Nafarroan euskararen alde ari diren guztiak” bidea “elkarrekin eta elkarlanean” egitera deitu zituzten, horrela, “euskararentzako etorkizun oparoa erein dezakegulako”.

Hitzartzeak amaituta, aurtengo Nafarroa Oinezerako diseinatutako arroparen erakusgarri izan zen desfilea egin zuten. Pasarelatik bi ikastoletako hamarnaka ikasle, guraso, irakasle eta hezkuntza komunitateetako beste kide batzuk ere pasa ziren.

Horiekin batera, hainbat erakunde sozialetako eta Vianako kirol elkarteetako ordezkariek ere parte hartu zuten desfilean: Adacen, Aspace, Down Sindromearen Elkartea, Partaide, Zaporeak, Ultreya Berri, Garrayoa Antzerki Taldea, Vianako Jubilatuen Elkartea, Club Atlético Vianés, Viana Trekking eta AIKE. Askotariko jantziak eta diseinuak erakutsi zituzten, horietako batzuk logoan oinarrituta, adierazi zutenez, “Irulegiren eskutik datorkigun E-a sinbolo moderno eta sotil bihurtuta” eta beste batzuetan "Bidean bat gara” esaldia izan zen protagonista.

Giro ezin hobean amaitu zen ekitaldia eta, bukatzeko, aurkezleek dei egin zieten bertaratutako guztiei, “baita euskaltzale orori ere”, “kamiseta soinean eta euskara ahoan” janztera.



Itzuli
OINEZ 26: Vianan aurkeztu dute euskararen  festa handia Erentzun eta San Fermin ikastolek #1 OINEZ 26: Vianan aurkeztu dute euskararen  festa handia Erentzun eta San Fermin ikastolek #2

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia