2025/06/10
Nafarroako Ikastolen Elkarteak haur eta gazteentzako urtero antolatzen dituen hauteskunde literarioen baitan, idazle eta ilustratzaile bozkatuenei sariak banatzeko ekitaldia ospatu zuen atzo. JUUL sari banaketa ekitaldia Nafarroa Oinez antolatzen ari den ikastolarekin elkarlanean egiten da. Hartara, aurten, Burlatako Kultur Etxean izan dira Paz de Ziganda Ikastolako ikasleak eta baita abesbatza zein dantzariak ere, ekitaldia girotzeko.
Sarituak izan diren idazleen eta ilustratzaileen erantzuna bikaina izan da, oso eskertuta gaude beraien etorrerarekin. Honako hauek dira bertaratu zirenak (argazkian ezkerretik eskuinera): Fernando Pérez-Hernando, Maite Mutuberria, Pello Añorga, Junkal Lertxundi, Garazi Kamio, Xabier Olaso, Nerea Loiola, Oihana Iguaran, Jasone Osoro, Emmanuel Montiel, Jokin Mitxelena, Eider Eibar, Joseba Larratxe “Josevisky” eta Julen Ribas.
Sari-banaketa ekitaldia NIEko pedagogia arduraduna den Janire Gracia Iñurritak aurkeztu eta honako hauek hitza hartu zuten: Oier Sanjurjo Maté (NIEko lehendakaria), Maider Nuin Lopetegui (Paz de Zigandako lehendakaria) eta Josu Reparaz Leiza (NIEko zuzendaria).
Ekitaldian sarituak izan diren lagunez gain, honako lagun hauek parte hartu zuten: Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari gerentea den Jabi Arakama, EHIko ordezkariak eta Nafarroako ikastoletako ordezkaritza zabala.
Janire Graciak azaldu zuenez, ikastolen elkarteak 27 urte daramatza euskarazko haur eta gazte literatura sustatzen. Urtez urteko egitasmo honen zenbakiek aho bete hortz uzten gaituzte. 2025ko apirilak 2an, Euskal Herriko ikastoletako 15.500 ikasle baino gehiagok gustukoen duten liburua aukeratzeko botoa eman zuten eta ia 9.000 ikaslek ilustratzailea aukeratzeko. Benetan ikaragarriak diren zenbakiak.
Paz de Ziganda Ikastolako lehendakaria den Maider Nuinek aipatu zuenez: "Urtero bezala, ilusio handiz ospatzen dugu JUUL sari banaketa. Agian, batzuek galdetuko duzue, zer da zehazki JUUL kanpaina? Bada, JUUL, Irakurzaletasuna Sustatzeko Kanpaina Bateratua da. Bere helburu nagusia oso argia da: haur eta gaztetxoen artean irakurzaletasuna sustatzea, eta haiek, aldi berean, sortzaile aktibo bihurtzea. Liburuak maite ditugun guztiok dakigu irakurketak munduak irekitzen dituela, gure irudimena pizten duela eta sentsibilitatea garatzen laguntzen digula".
NIEko lehendakaria den Oier Sanjurjok honako hau adierazi zuen: “Gaur hona etorri aurretik, futbolean izan dudan ibilbidearen eta irakurketaren artean, loturaren bat ote zegoen pentsatzen egon naiz. Eta, zelaian ikasitako gauza asko etorri zaizkit burura, liburuekin zerikusia izan ditzaketenak. Futbolean bezala, irakurketan ere diziplina, jakin-mina eta pasioa badira. Eta, entrenamenduetan bezala, hasierak batzuetan nekezak dira, baina beti emankorrak. Egia esan, liburu bat irakurtzen hasten garenean, norgehiagoka bat jokatu aurretik sentitzen den zirrararen antzekoa izan daiteke… Baina bada bi mundu horiek partekatzen duten zerbait sakonagoa ere: emozioekiko konexioa, hain zuzen. Batzuetan taldean partekatzen dira eta beste batzuetan bakarka bizitzen dira. Kirolean eta irakurketan, gure burua beste baten lekuan jartzen ahal dugu, eta horrek gure enpatia eta irudimena hazten laguntzen digu. Ikastoletan gure ikasleentzat ezinbesteko balioak, gizarte hobe bat eraikitzeko”.
Bestalde, NIEko zuzendaria den Josu Reparazek sariaren inguruko informazioa eman zuen. Ohikoa den bezala, ikastoletako ikasleen aldetik bozkatuen izan diren idazleei zein ilustratzaileei Nafarroako Ikastolen Elkarteak aitorpen berezia egiten die. Horretarako, ALICIA IRIGOYEN artista nafarrari JUUL SARIA egin zezan eskatu zitzaion eta hori da NIEk saridunei banatu diena. Aliciak sari guztiak ezberdin egin ditu, JUUL sariak beraz dena desberdinak dira.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU