2024/10/20

Txalapartaren soinuak Zangozako herria esnatu du. 10:00etan irekiera ekitaldia hasi da. Aurkezleak “Piztu Nafarroa Oinez!” oihukatu duenean, Nagore Oria Telletxeak, ikastolako zuzendariak, eta Carlos Arcelus Rotak, lehendakariak, argi-zuzi bat ekarri dute eta sua piztu dute.

Zangozako Ikastolako lehendakariak auzolana eta jasangarritasun energetikoa azpimarratu du, ikastolen izaeran garrantzi handia duten bi balore, hain zuzen ere: “Auzolana hitz bat baino askoz gehiago da; gure balioen isla da. Eskuak, bihotzak eta borondateak elkarbanatutako helburu baten alde batzea da: euskara loratuko den eta belaunaldi berriak beren hizkuntza, kultura eta tradizioetan errotuta haziko diren etorkizuna bermatzea. Jarduera bakoitzak, irribarre bakoitzak eta gaur egun egiten dugun urrats bakoitzak, gure ikastolen jarraipenari eta hizkuntza eta kultura aniztasuna defendatzen duen hezkuntza eredu kooperatiboari laguntzen die”, esan du.

Zangozako Ikastolaraino zonaldeko, Nafarroako eta Euskal Herri osoko ordezkariak hurbildu dira. Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak azpimarratu du aurtengo Nafarroa Oinezeko edizio hau landa eremuan ospatu dela, non orain dela 7 urte oraindik zonalde ez euskalduna zen: “Ezin dugu ahaztu ikastolek funtsezko rola izan dutela lurraldea euskararen bidez egituratzeko, hizkuntza hezkuntza-proiektuaren ardatzean jarriz. Iraganean, euskaraz ikastea ezinezkoa zenean, Nafarroako herri askotan, hor egon ziren ikastolak. Hizkuntzen bizikidetzaren alde lan egiten dute, eta harro erakusten dute gure kultura eta gure hizkuntza, euskara, bizirik dagoen ondarea dela”, baieztatu du.

Ekitaldian zehar lau argi-zuzi piztu izan dira, bakoitza Nafarroa Oinez 2024ko helburuak adierazten: kalitatezko hezkuntza euskalduna, auzolana, jasagarritasun energetikoa  eta baliabideak. Zangoza aberastasun kultural handiko herria da eta ekitaldian Eskolania Norak, Rocamador Dantzari Taldeak eta Zangozako Txistulari Taldeak “Txola” parte hartu dute.

Behin ekitaldia amaituta, ibibildea bisitatzeko unea heldu da. Ordezkariek eta gonbidatuek 3,5 kilometroko ibilbidea egin dute “Piztu”, “Mintzatu” eta “Gozatu” guneak ikusteko. Bidean zehar ez da musika falta eta zonaldeko hainbat kultur taldek parte hartu dute. Egun eguzkitsua eta tenperatura altuak iragarrita zeuden gaurko egunerako eta hala izan da, mila lagun jada guneetan eta ibilbidean zehar disfrutatzen daude.

Omenaldia eta lekuko aldaketa
Zangozako Ikastolak bere ipuinaren lehen pasarteak idaztera ausartu ziren pertsonak omendu ditu aurten, hau da, Batzarreko lehen kideak eta haien bikotekideak, euren "lana, ausardia eta konpromisoa" eskertzeko. Batzarra osatzen zuten gizonek eta etxea eta seme-alabak zaintzen geratu ziren emakumeek omenaldi bat jaso dute, elkarrekin eta auzolanean Zangozako Ikastola aurrera eramateagatik.

Ekitaldi honetan musika eta dantza ere presente egon dira. Karmengo entzutegiko argiak itzali direnean, ikusleen eserlekuetan kamuflatuta zeuden Nora abesbatzako kideak
abesten hasi dira. Ondoren, ikastolako ikasleek Arantxa Villanueva koreografoak diseinatutako dantza bat egin dute argiekin jolastuz. 

Amaitzeko, Nagore Oria Telletxeak, Zangozako Ikastolako zuzendariak eta Carlos Arcelus Rotak, ikastolako lehendakariak, esan duten bezala, “gure ipuinaren pasarte berri bat amaitu dugu, idazten jarraituko dugu, baina lekukoa pasatzeko unea iritsi da”. Oholtzara Elena Zabaleta, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Paz de Ziganda Ikastolako Iñaki Erroz Aizkorbe, zuzendaria, eta Maider Nuin Lopetegui, lehendakaria igo dira lekukoa hartzera.

Ekitaldiaren ondoren, gonbidatuek Karmengo klaustroan otamen goxo bat izan dute eguna indarrez eta jai giroan jarraitzeko.



Itzuli
Zangozako Ikastolako Nafarroa Oinez PIZTU da Zangozako Ikastolako Nafarroa Oinez PIZTU da

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia