2024/06/24

‘Gaztelugatxeko itsaslamina’ lanak irabazi du Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketako laugarren edizioa

‘Gaztelugatxeko itsaslamina’ izan da Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketako laugarren edizioko irabazlea. Trapagarango Itxaropena Ikastolako Bera Arroyo, Ane Figuero eta June Abarrategi ikasleak dira egileak, eta euren lana ‘Xabiroi’ komiki aldizkarian argitaratuko da urriko zenbakian.

Herriko neskato baten eta arrantzale gazte baten arteko maitasun istorio bat kontatzen du ‘Gaztelugatxeko itsaslamina’-k. ekaitz batek arrantzale gaztea betirako itsaso hondora eramango du, eta neskatoa itsaslamina bihurtuko da haren bila joateko. Itxaropena ikastolako ikasleen komikiaren teknika landua, narrazioa, eta kalitatea azpimarratu ditu epaimahaiak.

Bigarren lekuan, ‘Bakearen harria’ izeneko komikia geratu da. Leixa Urmeneta Madariaga da egilea, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Ikastolako ikaslea. Lan honek ere epaimahaiaren aipamen berezia merezi izan du, komikigintzaren baliabideak erabiltzeko moduagatik, eta baita hizkuntzarengatik ere, komiki gutxitan erabiltzen baita noka.

Beste lau finalistak lan hauek izan dira:

  • ‘Sara eta Balearen abentura’. Daniela Muñoz eta Eneritz Lopez (Itxaropena Ikastola, Trapagaran).
  • ‘Bermeoko mamuak’. Maitane Arpon Cadarso, Julia Perez Alonso, Noa Berrio Miras eta Daniel Baptista Gomez (San Bizente Ikastola, Oion).
  • ‘Orioko azken gizakia’. Saioa Larrea, Ainhize Azkune eta Oihane Aurrekoetxea (San Nikolas Ikastola, Algorta)
  • ‘Gaueko bisita’. Jone Andiarena (Zangozako ikastola)

Euskaldunak eta itsasoa zen aurtengo lehiaketarako aukeratutako gaia. 12-16 urte bitarteko ikasleei zuzendutako lehiaketa izan da, eta sari nagusiaz gain, lehiaketan parte hartu duten egile guztien artean tablet bat, Xabiroi komiki aldizkariaren urteko hainbat harpidetza eta urteko  hiru bilduma zozketatuko dira.

Joseba Larratxe eta Aritz Trueba ilustratzaile eta komikigileek eta Ikastolen Elkarteko komunikazio taldeko kide Koldo Aldabek osatu dute epaimahaia. Inoiz baino  lan gehiago aurkeztu dira aurtengo Komiki Lehiaketan. Guztira 127 komiki bidali  dituzte hainbat ikastolatako ikasleek, eta horrek lan gehiago eman dien arren, pozik agertu dira epaimahaiko kideak, urterik urte ikasle gazte gehiago animatzen direlako komikigintzan lehenbiziko urratsak egitera. Lanik gehienak talde lanean eginikoak  izan dira, eta hori ere azpimarratu nahi izan dute epaimahaiko kideek, komikigintza bera gero eta gehiago delako talde lana.



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia