2022/11/03

Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolak antolatuko du 2023ko Nafarroa Oinez

Gaur goizean jakinarazi dituzte ikastolen festa handirako aukeratutako leloa eta ikurra: leloa hotsein! eta logotipoa bozgorailu bat. Era berean, gaineratu dute Oinez denda hilaren 11n zabalduko dela. Horretaz gain, azaroaren 26an egingo den aurkezpen ekitaldiaren berri ere eman dute: Arbizuko kiroldegian izango da eta Sakanako euskaltzale guztiak gonbidatuko dira. 

Leloaren eta logoaren aurkezpena Izaskun Errazkin Andra Mari ikastolako gurasoen ordezkariak eta Iñigo Orella zuzendariak egin dute, Nafarroako Ikastolen Elkarteko egoitzan. Eskuartean bozgorailu bat zutela egin dute agerraldia, tresna hori izango baita 2023ko festaren logotipoa. 

“Datorren urteko Nafarroa Oinezen proiektuari gogo handiz heldu diogu, baina baita arduraz ere, euskarak bultzada handia behar duelako, ez soilik Erriberan edo Tafallan, Sakanan ere bai, izan ere, euskararen erabilera moteltzen ari dela ikusten ari baikara”, nabarmendu dute Andra Mari Ikastolako ordezkariek.

2023ko Oinezen helburu nagusiak:

  • Euskararen “zirikatzaile” izan
  • Eredu herrikoi, kooperatibo eta inklusiboa aldarrikatu
  • Hezkuntza-proiektua bultzatzea

Euskararen arnasguenak bizkortzea

Horregatik, heldu den urteko Nafarroa Oinezen helburuetako bat euskararen arnasguneak bizkortzea izango dela esan dute. Euskararen arnasguneetan dauden ikastolen lana estrategikoa dela nabarmendu dute, eta oso garrantzitsua dela euskalkia bizi-bizirik duten herrien eredua. Erabileraren apaltzearen aurrean, Andra Mari Ikastolak “zirikatzaile” izan nahi duela gaineratu dute bi ordezkariek.

Beste bi helburu ere aipatu nahi izan dituzte:

  1. Batetik, ikastolen izaera publikoa aldarrikatzea, Andra Mari Ikastola proiektua “herrikoia, kooperatiboa, autogestionatua, eta auzolanean oinarritutakoa” delako. Era berean, ikastetxearen izaera anitza eta inklusiboa zabaltzea ere dute helburu. Urte osoan islatu nahi dute izaera hori. 
  2. Bestetik, hezkuntza-proiektu eraldatzailea bultzatzea izango da 2023ko Nafarroa Oinezen beste helburuetako bat. Andra Mari Ikastola egungo ikasleen aitona-amonek sortu zuten, kalitatezko hezkuntza-proiektu eraldatzailea izateko asmoz, eta gaur egun enbor beretik jarraitzen du belaunaldiz belaunaldi. 

Helburu hauekin batera, festa baliatu nahi dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikinean hobekuntza lanak egiteko. Eraikina zaharra da, 1965ekoa, eta irisgarritasun arazoak ditu, baita isolamendu eskasa ere. Besteak beste, inklusibitatearen ikuspegitik mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat eraikina eroso bihurtu eta  bere eraginkortasun energetikoa hobetu eta sortutako kutsadura murriztu nahi da, ardura ekologiko, sozial eta ekonomikoagatik. 

Helburuetan aipatutakoekin bat eginik datoz datorren urteko Nafarroa Oinezen leloa eta logoa.

Leloa hotsein!, logoa bozgorailu bat 

Leloa hotsein! da. “Zuzena eta indartsua”. Aditz honek bi esanahi ditu Sakanako hizkeretan: batetik, ‘zarata egin’ edo ‘burrunba egin’, eta, bestetik, ‘deitu’ edo ‘aldarrikatu’. “Bi esanahiak baliatu nahi ditugu. Batetik, Andra Mari Ikastolak zarata egin nahi du, euskara txoko guztietan entzun dadin. Bestetik, dei zabal bat egin nahi du arnasguneetan dauden ikastolon alde,  proiektu horien beharra aldarrikatuz”.

2023ko Nafarroa Oinezen logoa leloa berak eta bozgorailu bat irudikatzen duten hiru marratxok osatzen dute. Bozgorailuak hots egiteko grina eta hitza zabaltzeko asmoa adierazten du. 

Koloreek garrantzia dute logotipoan: berde iluna, berde argia horia, laranja eta gorrixka.  Andra Mari Ikastolaren logotipoan erabiltzen diren koloreak dira. Sakanako berezko koloreak dira, bertako mendi eta basoek urtaro ezberdinetan hartzen duten tonalitateak. Eta, aldi berean, aniztasuna ere irudikatzen dute. Beraz, logotipo honetan, Nafarroa Oinezen proiektua eta Ikastolarena uztarturik agertzen dira. 

200 lagun lanean

Andra Mari ikastolaren datuak: 53 urteko ibilbidea, laugarren Oinez festa, Sakanako 14 herrietako 409 ikasle, 247 familia, 56 langile, dagoeneko 200 lagun Oinezerako lanean

Azkenik, Errazkinek eta Orellak hots egin dute ahalik eta jende gehien lotu dadin 2023ko Nafarroa Oinezen helburuetara, urte osoan eta baita datorren urteko festan ere, “ederra izango baita”.  Helburu hori lortzeko, dagoeneko 200 guraso, langile, ikasle ohi eta lagun baino gehiago lan batzordeetan lanean ari dira Andra Mari Ikastolaren Nafarroa Oinezen.

Andra Mari Ikastola 1969an sortu zen, eta Sakanako bihotzean kokatuta dago. Egoitza nagusia Etxarri Aranatzen badu ere, hamalau herritako ikasleak hartzen ditu.  2022/2023 ikasturte honen hasieran, 247 familia, 409 ikasle eta 56 langile dituen hezkuntza komunitatea osatzen du. Ikastola horrek antolatuko duen laugarren festa izango da. Lehendabizikoa, 1989an izan zen, Nafarroan euskaldun lelopean. Bigarrena, 1996an, Herrikolore leloarekin. Hirugarrena, 2009an, Txikiak handi lelopean. Laugarrenak aurrekoen lekukoa hartuko du. 

Informazio gehiago eskuratzeko: 

komunikazioa2023@oinez.ikastola.eus

 



Itzuli
Hotsein! izango da 2023ko Nafarroa Oinezen leloa; logoa, bozgorailu bat Hotsein! izango da 2023ko Nafarroa Oinezen leloa; logoa, bozgorailu bat

Hurrengo ekitaldiak