2022/06/28

Dagoeneko Tafallak datorren Nafarro Oinezerako abestia eta bideoklipa du

Abestiak ‘Erdian erein’ izena du eta familiek azken berrogeita hamar urteetan zehar euskararen alde Nafarroan egindako lana omentzen du

Tafallako Ikastolak urriaren 16rako prestatzen ari den Nafarroa Oinez festarako abestia aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Abestia ikastetxeko hainbat belaunalditako ikasle ohiek konposatu eta interpretatu dute, eta Nafarroa Oinez bezalako festa baten inguruan pilatzen diren oroitzapen, bizipen eta emozioak islatzen eta helarazten ditu.

Amaiur Esparzak (Rotten XIII, Odolkiak Ordainetan) gaiaren letra eta melodia sortu ditu. Harekin batera, Maialen Ramirez eta Luana Agerri ahots nagusi ditugu, Iñaki Hurtado perkusio-jotzailea eta Alaitz Lizarazu baxu-jotzailea. Halaber, Endika Irisoren lankidetza ikus daiteke (Rotten XIII taldeko abeslaria).

Abestia Mikel Urrizak egindako bideoklipak lagundurik ageri da eta grabaketan Tafallako Ikastolako komunitatearen zati handi batek parte hartu du. Bertan, modu metaforikoan, jende askoren laguntzari esker aurrera eramandako proiektu kolektiboa islatu nahi da, egon diren zailtasunak gorabehera.

Hala, duela 10 urte baino gehiago Oinez Basoa –auzolanaz sortutakoa– landatu zen Tafallan; hala, Nafarroan euskararen erabilera eta presentzia normalizatuz joan da, eta hala, hazi eta zabaldu da Ikastolaren proiektua. Hori bai, oraindik ere lan handia dugu.

Horregatik, abestiaren izenburuak eta leloak, Erdian Erein, Erdialdean euskara ereiten jarraitzeko beharra gogorarazten dute. Tafallako Ikastola berrogeita hamabi urte bete berri ditu, mende erdia baino gehiago euskararen alde borrokan; eta balantzea positiboa bada ere, argi dago oraindik asko dagoela egiteko.

Gure hizkuntzaren benetako normalizazio eta berdintasuna lortu behar dugu; horregatik Erdian Erein. Nekazariek jakin badakite: ezin diogu ereiteari utzi, urteko uzta oso ona izanik ere.

Oinez Txokoak ekintza ugari eskaini du Sanferminetan

Prentsa-deialdi bera baliatu da komunikabideei Tafallako Ikastolak Sanferminetarako prestatu dituen jardueren eta kontzertuen berri emateko.

Takoneran dagoen Oinez Txokoaren karpan janaria eta edaria eskainiko da egun osoan zehar, baita guztiontzako askotariko jarduerak ere: dantzak, jolasak, gaztetxoenentzako tailerrak, bertsoak, etab.

Paula Arregik –Tafallako Ikastolako zuzendaria– adierazi du legez, gaueko 21:00etatik aurrera eskaintza aldatuko da, egun bakoitzerako bestelako proposamen musikalaz gozatzeko aukera izango baita: Txutxin Ibañezen rantxeretatik Beietzen folk doinuetara; zuzeneko swing-a, batetik, eta Patxi ta konpainiaren trikia, bestetik. Dantzarako girorik ez da faltako.

23:30etatik aurrera, protagonismoa publiko gazteari emanen zaio. Aurten kontzertu handiak programatu dira, Euskal Herriko musikaren giroan presentzia nabarmena duten taldeen eskutik. Horien artean gurekin izanen ditugu Unidad Alavesa, Kaleko Urdangak, Azken Sustraiak, Trikidantz, The Lio, Atturri eta Lakubegi XIII.



Itzuli
NAFARROA OINEZ 2022 - ABESTIA ETA SANFERMIN PROGRAMA NAFARROA OINEZ 2022 - ABESTIA ETA SANFERMIN PROGRAMA