2017/04/27

Txirrindulariak larunbatean goizeko 9:00etan irtengo dira Lesakako  Plaza Zaharretik, eta Frainera  goitu ondotik, Piedadeko gaina, Sastrin, Itsaszelaieta, Sastrin, Izotzaldea eta fabrikan barrena pasatu ondotik, Linddurrenborda sagardotegian erreleboa emanen dio txirrindulariak lasterkariari. Honek, Banarta, Alasta, tiro zelaia, Eskolamendi, Baldrun, Berrotarango erreka eta Mairuerregenekobordan barrena egin beharko du lasterketa. Helmuga berriz ere plaza izanen du. 13:30ean sariak banatuko dira. Ez da sari ekonomikorik izanen, baina lehenbizikoek Anas Alberro, Tantirumairu Ikastolako gurasoak egindako oroigarri ederrak (argazkian) izanen dituzte saritzat.

Bai plazan, baita Linddurrenbordan ere, animazioa izanen da, eta probaren ondotik, 14:00etan, herri bazkaria, bai izena eman duten kirolarientzat, baita kirolik egin gabe ere Nafarroa Oinezen aldeko ospakizun honetan parte hartu nahi dutenentzat. Izan ere, 400 bat lagunek eman dute izena dagoeneko herri bazkarian. Sari ederren zozketa ere eginen dute bazkalondoan, eta fanfarre batek alaituko du giroa.

 

Arauak eta oharrak

Lasterkariek ezin izanen dute errelebo puntura kotxez joan. Nahi duenarentzat  09:10ean plazatik aterako da talde bat bertara oinez joateko. Sagardotegian lasterkarientzako kontsignak izanen dira, eta  lasterketa bukatu orduko plazan bertan jaso ahal izanen dituzte gauzak.

Erreleboaren arauak: lasterkariek sagardotegian kokatuko den arku eta txip kontrol puntutik 3-5 metrotara izanen dute irteera, eta bere bikote txirrindulariak erreleboa eman arte ezingo da bertatik abiatu. Proba uztea erabakitzen duten kirolariek lehenbailehen jakinarazi beharko diete antolatzaileei.

Aipatzekoa da probaren zuzeneko informazioa (denborak, argazkiak…) emateko eta jasotzeko twitterren #bikinbatinduatloia traola erabiliko dela. Informazioa jasotzeaz gain, edonork parte har dezake informazioa zabaltzen.

 

Gutxi goiti behetiko ordutegiak:

  • Lehen erreleboa 10:30 aldera , lehen lasterkaria helmugan 11:45ean.
  • Errelebo puntutik azken korrikalaria 11:45ean aterako da, nahiz eta bere bikote txirrindularia ez ailegatu. Kasu honetan ez da beraien denbora kontutan hartuko baina lasterka egiteko aukera emanen zaio.

 

Ikusi promozio bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=8IDiE8t9VNU

 



Itzuli
220 kirolari baino gehiago lehiatuko dira Nafarroa Oinezeko Bikin Batin Duatloian 220 kirolari baino gehiago lehiatuko dira Nafarroa Oinezeko Bikin Batin Duatloian

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia