1. Lizarra Ikastola, 1970-2020: ospakizuna. Gure Ikastolak 50 urte beteko ditu, eta hori, zer erranik ez, gertaera historikoa da. Egun, Ikastola, Lizarra eta Estellerriaren artean erdietsi den lotura bereizezina da, eta inork ez du jadanik zalantzan jartzen. Gure ustetan, lorpen horrek, berez, ospakizuna merezi du, eta pentsatzen dugu Nafarroa Oinez Lizarran egitea dela eskaintzen ahal zaion esker onik hoberena.
  2. Euskara lehentasun: euskalduntze prozesuan konpromisoa. euskalduntze prozesuan Lizarra Ikastolak Lizarraren eta Estellerriaren euskalduntze prozesuan izandako protagonismoa funtsezkoa izan da, berebizikoa, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu. Etorkizunean, Lizarra Ikastolak prozesu horretan izan behar duen konpromisoa behar-beharrezkoa da, erronka hori izan baita betidanik gure lehentasuna.
  3. Ikastola denona da: kooperatibismoa eta gizarte-lana. Ikastolak zerbitzu publikorako joera du, eta, hortaz, gizartera zabaltzeko helburua beti izan behar dugu ikusmiran, eta horretan dihardugu. Ikastola herriaren zerbitzura ere jarri behar dugu, eta horretarako, eskualdeko gizarte-eragile aunitzekin batera lan egin beharra dago; gure instalazioak ere eskaini egin behar ditugu, eta garbi izan behar dugu beti euskal kulturaren zabaltzea dela gure lehentasun nagusietako bat. Nafarroa Oinezek Lizarrako kaleak beteko ditu, eta horrek ere sekulako aukera emanen digu gizarteratze prozesu horretan.
  4. Ikastola sostengagarria, helburu: ingurunearekiko ardura. Lizarra Ikastolak aspaldi handian izan du kontuan bere hurbileko ingurune zein planetarekiko ardura, eta jokamolde hori arrunt txertatua dago bere funtzionamenduan zein heziketa proiektuan. Hortaz, Lizarra Ikastolaren agendan berebiziko garrantzia izanen dute ingurunea babesteko helburuarekin loturiko sentsibilizazioak eta ekintza-multzoak. 2020ko Nafarroa Oinezen karietara, Ikastolaren nahia da abiapuntua izan dadila, erdietsiko diren baliabideak probesturik, eraikin sostengagarriagoa lortzeko eta ingurunearen babesa sendotzeko garatuko diren formakuntzarako estrategiak bultzatzeko.
  5. Etorkizuna: Haur Eskola. Orain arte aipatutako guztia bideratu ahal izateko, belaunaldi berriak behar ditugu, etorkizunean lorpenak segurtatzeko, eta erronka berriei buru egin ahal izateko. Etorkizuna belaunaldi gazteenengan dago, eta, beraz, gure egungo haurrei gure oinarrizko baloreak transmititu behar dizkiegu. Umeen bizitzaren lehendabiziko urteak funtsezkoak dira haiendako, eta Ikastolak bere esku dituen tresnarik onenak eskaini nahi dizkie, baldintzarik onenetan eskaini ere. Guregana datozen haurrek gure Haur Eskolan eman ohi dituzte lehen urratsak, horrexegatik Lizarra Ikastolako Haur Eskola ume horien beharretara egokitu beharra dugu. Hori dela eta, etorkizunari begira, nahitaezkoa da gure Haur Eskola berritzea, funtsezkoak baitira belaunaldi berriak Ikastola gizarteratzeko ahaleginean egiten ari den lana segurtatu ahal izateko.


2020ko urriak 18 octubre 2020

Hurrengo ekitaldiak

Online denda Egin zure ekarpena Babesleak Pedro Luis Kontserbak Boluntarioak