2021/09/18

Nafarroa Oinez 2021 azken txanpan dago, izan ere, duela bi urte abiatutako ibilbideak eten bat izan du. Covid-19a dela eta, bertan behera geratu zen ez soilik eguna bera, baizik eta urte osoan zehar euskararen festa ospatzeko iragarritako ekitaldi guztiak ere. Ekitaldi horietako bat zen Euskaltzaindiak festa antolatzen duen lekura egiten duen bisita, eta atzo, irailaren 17an, ostiralarekin, egin ahal izan zitzaien harrera erakunde kulturaleko zortzi euskaltzainei.  Ikastolak Nafarroa Oinezekin aurrera egiteko apustua, ahalegina eta konpromisoa hartu zuen, eta urriaren 16an eta 17an ospatuko da festa, formatu ezberdin batean, izan ere, osasun egoerari egokitu behar izan da -murrizketak, edukieren kontrola eta distantziak, eta abar-.

Euskaltzainek Nafarroa Oinezen ordezkariak zituzten zain 9:45etan: Marta Igoa, Nafarroa Oinezen koordinatzailea, Joseba Tristan, Ikastolako zuzendaria  eta Unai Gardoki, Ikastolako presidentea. Koldo Leoz alkateak 11:30ean egin zien harrera. Leozek Lizarra Ikastolako ordezkariei euskararen alde egiten duten lana eskertu zien. Ildo beretik, eta Lizarrako gainerako elkarteak ahantzi gabe, AEK eta Garean Elkartearen lana ere goraipatu zuen. Bestalde, Lizarrako Udalak Euskaltzaindia gustu handiz hartu duela aitortu zuen baita egun, elkarte eta erakundeen arteko elkarlanari esker, Lizarra euskaldunagoa dela ere. Bere aldetik, Andres Urrutiak ere, Euskaltzaindiaren presidenteak, ikastolako ordezkariak zoriondu eta eskertu zituen egiten duten lanagatik; Lizarrako Udalari dagokionez, azken urte hauetan Administrazioa euskalduntzeko egin duen ahalegina aitortu zion. Euskaltzaindiaren goiburuari erreferentzia eginez, Ekin eta Jarrai, lanean jarraitu beharra dagoela esan zuen.

Udaletxeko saioa amaitutakoan ikastolara hurbildu ziren euskaltzainak. Bertan, Josu Reparaz eta Elena Zabaleta zituzten zain, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria eta presidentea, hurrenez hurren.

Lizarrako ikasleek kantu bat eskaini zieten ongi etorri gisa eta ostean, hiru taldetan banatuta, segurtasun neurriak errespetatze aldera, gelaz gela ibili ziren. DBH 1.  mailako ikasleek Txikiak Handi manifestuarekin bat egitera gonbidatu zituzten euskaltzainak, hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzen duen Nafarroa Oinezen proiektu iraunkorra, hizkuntza gutxituen hiztunen arteko harremanak sendotzeko asmoz sustatutako ekimena. 

Arratsaldez, Iñaki Rifaterra artistaren eskutik Ruan barna bisita gidatua izan zuten.  Arratsaldeko 17:00etan amaitu zen egun oparoari amaiera emateko modu bikaina izan zen.



Itzuli
EUSKALTZAINDIA LIZARRAN IZAN DA NAFARROA OINEZ 2021 DELA ETA EUSKALTZAINDIA LIZARRAN IZAN DA NAFARROA OINEZ 2021 DELA ETA

Hurrengo ekitaldiak