2026/06/30
Nafarroa Oinez 2026ko antolakuntzak gaur aurkeztu ditu aurtengo edizioaren abestia eta bideoklipa. "Bidean bat gara" leloa ardatz hartuta, proiektuak elkarlana, aniztasuna eta euskararen aldeko konpromisoa aldarrikatzen ditu, Erentzun Ikastolak eta San Fermin Ikastolak elkarrekin antolatutako edizio berezi honen isla bihurtuz.
Edurne Apalauza Nafarroa Oinez 2026ko ordezkariak azaldu duenez, hasieratik helburu argia izan dute: ahalik eta proiektu parte-hartzaileena sortzea. Horregatik, Logroñoko Montalbo taldea arduratu da musikaz, Hasier Larretxea idazle nafarrak sortu ditu hitzak, eta AZK komunikazio-agentziak ekoitzi du bideoklipa.
Apalauzak nabarmendu du Montalbok lehen unetik erakutsi zuela Nafarroako euskararen jaiari ekarpena egiteko borondatea, euskaraz hitz egin ez arren. Era berean, eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartu duten sortzaile, musikari eta laguntzaile guztiei, azpimarratuz abestia pertsona askoren ilusioaren, lanaren eta konpromisoaren emaitza dela.
David Arandia Montalbo taldeko kideak azaldu du abestiak bi munduren arteko uztarketa bilatu duela: erritmo ternario eta bitarren arteko nahasketa, bi ikastolen arteko elkarlanaren metafora gisa. Horrez gain, gaur egungo soinuak eta euskal musika tradizionaleko tresnak —trikitixa, txalaparta eta panderoa— modu naturalean uztartu dituzte, Oinezentzat ohikoa denetik harago doan proposamen artistikoa osatzeko.
Sormen prozesuan parte hartu duten guztien lana eskertu du Arandiak, bereziki María Mateo, Inés Osinaga eta Hasier Larretxearena, baita grabazioan eta ekoizpenean aritu diren profesionalena ere. Aipamen berezia egin die ikastolako haurrei eta irakasleei, haien koruak grabazio prozesuko unerik hunkigarriena oparitu baitzien taldeari.
Bestalde, Garikoitz Barandiaranek, AZK komunikazio-agentziaren izenean, azaldu du bideokliparen helburua "Bidean bat gara" leloaren esanahia iruditan islatzea izan dela. Horretarako, euskara ikastolatik harago eraman dute, eguneroko bizitzako hainbat errealitatara: gozogintza, nekazaritza, sukaldaritza, osasuna edo Donejakue bidea, besteak beste.
Bideokliparen erdigunean haur bat kokatu dute, etorkizunaren sinbolo gisa. Izan ere, Nafarroa Oinezek eta ikastolek egiten duten lana etorkizuneko belaunaldiei begira egiten dela azpimarratu dute. Halaber, Irulegiko Eskuaren presentzia nabarmena da ikus-entzunezkoan, euskararen iraganaren eta etorkizunaren arteko lotura sinbolizatuz.
Aurkezpenean behin eta berriz azaleratu den mezua bera da abestiaren muina ere: euskararen aldeko bidean pertsona guztiak direla beharrezkoak. Euskara dakitenak eta ikasten ari direnak, hemen jaiotakoak eta kanpotik etorritakoak, haur, gazte nahiz helduak. Guztiak batzen ditu helburu berak: euskararen etorkizuna elkarrekin eraikitzea. Horrela, Nafarroa Oinez 2026ko abestiak eta bideoklipak aurtengo leloa irudi eta doinu bihurtzen dituzte, mezu argi batekin: bide desberdinak egin arren, denok batera egiten dugu bidea. Bidean bat gara.
Lege oharra
Pribatutasun politika
Cookie-en politika
Web garapena: Aldor Internet
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU