2022/06/06

Tafallako Garcés de los Fayos Ikastola: 50+2 urte euskara ereiten Nafarroako erdialdean.

Aurten 4. Nafarroa Oinez antolatuko duen zentroak ekitaldi zirraragarri batekin eta ekintzez beteriko egunarekin ospatu zuen bere urteurrena.

Pandemiaren ondorioz berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldiak atzeratu ondoren, Tafallako Garces de los Fayos Ikastolak bere mende erdia ospatu du. Eta goitik behera egin du, Ikastolako kide direnek edo izan direnek egindako lanaren oroitzapenak eta esker oneko hitzak falta izan ez diren jardunaldi batean.

Ekitaldia eguerdian egin da, Maider Bellosok gidatu du, eta herriko hainbat talde kulturalen partaidetzarekin, zehazki, Uxoa abesbatza, Ikastolako erraldoien konpartsa, dantzari, gaitari eta txistulariak. Gainera, Ikastolako lehendakari Aritz Azcaratek eta ikastetxeko zuzendari Paula Arreguik hartu dute hitza. Jesus Arrizubieta alkatearen -Ikastolako lehendakari ohia- eta Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakariaren  hitzaldiak ere entzun ahal izan dira.

Bertaratuen artean, Nafarroako Gobernuko eta Hezkuntza Departamentuko kideak, inguruko udaletako kideak, Ikastolen Federazioko kideak, lehen familiak, zuzendari eta lehendakari  ohiak…

Ekitaldi ofiziala amaitu eta gero, dantzariek eta Ikastolako erraldoien konpartsak lagunduta, publikoa kalejiran atera da Nafarroa plazarantz, eta hor eman zaio hasiera Oinezek Herriari Herri Kirol Txapelketaren finalari. Leerds taldekoak izan dira txapeldunak.

Ikastolako Ikasle Ohien Elkartearen aurkezpenarekin amaitu dira protokolo ekitaldiak,horrekin eta oroimenezko argazki handi batekin.

50 urtez euskararen alde lanean erdialdean:

Tafallako Garcés de los Fayos Ikastola erreferente da gaur egun, baina 1970ean bideari ekin zionean, soilik zortzi familiek egin zuten hautua. Zalantzazko urteak ziren, bitarteko gutxi zeuden eta Tafallan euskarazko hezkuntzaren aldeko apustuak ezinezkoa zirudien.

Pixkanaka-pixkanaka, auzolanean egindako lana eta familien eta irakasleen inplikazio handia oinarri hartuta, proiektuak aurrera egin zuen alegaltasunetik ateratzea lortu arte, 87. urtean. Ikasturte horretan Ikastolako lehen promozioa ere atera zen, hamar ikaslez osatua.

Gaur egun, ikastetxeak 300 ikasle baino gehiago eta 650 ikasle ohi baino gehiago ditu. Hala ere, borroka asko egin behar izan ditu bere historian zehar. Gogor borrokatu behar izan zen, adibidez, 80ko hamarkadan legeztatzearen alde. DBHko etapan eskolak emateko eskubidea eskatzeko kalera ateratzea ere beharrezkoa izan zen. Instalazio egokien eta egoera onean daudenen bilaketa izan da zentroak historian zehar eraman duen beste arazo handietako bat, aurrekoa zahar edo txiki geratzen zen bakoitzean lokalez aldatu behar izan duena. Zor horietako batzuk ordaindu gabe daude oraindik.

Azken borroka, duela bi urte. Hirugarren aldiz, familiak protesta egitera atera ziren, DBHko ikasleentzat baremo diskriminatzaile bat aplikatzeak kalte egin baitzien, D ereduko Iturrama institutuan plazak lortzeko zailtasunak baitzituzten.

Jaiegunaren amaiera

Protokolozko ekitaldiek hasiera eman diote jaiari, eta mila lagun bildu dira herriko kiroldegian egin den bazkarian. Haurrentzako jolasak eta puzgarriak izan dira arratsaldean zehar  eta baita musika ere, Luciano eta Fan&Go taldeen esku.

Amaitzeko, Cidacos txarangak lagunduta Tafallako erdigunera gerturatu dira eta jai egun handietan bezala zezensuzkoak eman dio amaiera jaiari. 2 urte beranduago iritsi den ospakizuna, baina hutsik egin ez duena.



Itzuli
Tafallako Garcés de los Fayos Ikastola: 50+2 urte euskara ereiten Nafarroako erdialdean Tafallako Garcés de los Fayos Ikastola: 50+2 urte euskara ereiten Nafarroako erdialdean

Hurrengo ekitaldiak