eus | cas
Babestutako zuhaitzak: 55

Albisteak

2019 IRA 16

OINEZ BASOA LESAKA

2017ko urrian ospatu zen Lesakan Nafarroa Oinez besta. Dakizuen moduan, Oinez ospakizunak ingurumenean kalte ekologikoak eragiten dituenez, Oinez Basoa izeneko ekimena sortu zen 2010ean. Izan ere, baliabide naturalak kontsumitu, hondakinak sortu eta berotegi efektuko gasak isurtzen baititu bestak. Kalte ekologikoa orekatzeko asmoz, besta ospatzen den tokian ingurumenarendako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: naturgune autoktonoa birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa hain zuzen. Eta horixe egin zen, 11.000 zuhaitz inguru landatu ziren Fraingo Ziobi inguruan.

Horrez gain, herriari zerbait gehiago eman nahian, helburu pedagogikoa zuen zerbait sortzearen konpromisoa hartu zuen Tantirumairu ikastolak. Eta, azkenean, prest izanen du. Mahai batzuk paratuko dira Frainen, eta baita naturgune honetako animalia eta landarediaren inguruko informazioa duten euskarri batzuk ere. Horien inaugurazioa irailaren 22an izanen da, 11:30ean.

Bertaratzeko, bi aukera izanen dira: herritik oinez abiatuta edo Frain ingurura kotxez hurbilduta.

*9:30ean ikastolatik abiatuta: oinez bide osoa egiteko.

*10:30ean ikastolatik abiatuta: autoz Piedade ingurura hurbildu eta azken zatia oinez egiteko.

*11:30ean Frainen: ekitaldia eta hamaiketakoa.

Oharra: Bortz ikastolen topaleku ere izanen da mendi-itzuli hau, Baigorriko ikastola, Baztan ikastola, Labiaga ikastola eta Olhain ikastolako lagunak gonbidatu baititugu.