Nafarroako sei herritako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 17 ikastetxetako ikasleentzat dira proiektuak. Ikasturte honetan egingo da ekimena, 543 ikaslek hartuko dute parte, eta Nafarroako Gobernuak finantzatu du 27.900 eurorekin. Hauek dira proiektuen gaiak: ingelesa idatziz ikastea, eskolan ingurumen zientziak irakasten hastea (neskei, batez ere), haurren obesitatearen eta gehiegizko pisuaren kontra borrokatzea, ingurumen heziketa indartzea, eta jende gutxiri eragiten dioten gaixotasunak dituzten ikasleen kontrako eskola-jazarpenaren prebentzioa.
Proiektuen liderrak NUPeko irakasle hauek dira: Rosa María Canals Tresserras, Ariadna García Prado, Amparo Lázaro Ibarrola, Lucía Pellejero Goñi eta Iñigo Virto Quecedo. Horiez gain, NUPeko ikertzaile hauek ere hartzen dute parte: Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko María Durán Lázaro, Leire Múgica Azpilicueta eta Leticia San Emeterio Garciandía; Zientzien Saileko Rodrigo Antón Sobejano, Isabel de Soto García, Bosco Imbert Rodríguez eta Javier Peralta de Andrés; Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko Nieves Ledesma Marín, Maider Pérez de Villarreal Zufiaurre, Paolo Scotton, Hanne Roothooft eta Izaskun Villarreal Olaizola; eta Ekonomia Saileko Jon Benito Ostolaza, Rebeca Echávarri Aguinaga eta Nuria Osés Eraso, bai eta EHUko M.ª Ángeles Hidalgo Gordo ikertzailea ere.
Bestalde, ikastetxe hauek hartuko dute parte: Beriaingo Ikastetxe Publikoa, Mutiloako San Pedro eta Luis Amigó ikastetxeak, Iruñeko Azpilagaña, Buztintxuri, El Lago, Ermitagaña, Ezkaba, José M.ª de Huarte, Rochapea, San Juan de la Cadena eta Vedruna ikastetxeak, Navarro Villoslada BHI eta Monjardín lizeoa, Sarrigurengo Hermanas Úriz Pi ikastetxea, Tafallako Garcés de los Fayos Ikastola eta Vianako Erentzun Ikastola. Guztira, hamaika ikastetxe publikoak dira, eta sei itunduak. Gainera, Nafarroako Ikastolen Federazioan dauden hamalau ikastetxek ere esku hartuko dute ekimenean
Aipatutako bost eskola-proiektuak gauzatzeko deialdi honen bidez, Nafarroako Gobernuak jakintza zientifikoa eta ikerketakoa transmititu nahi die ikastetxeetako ikasleei, eta Hezkuntzako Departamentua datu zientifiko espezifikoz hornitu Foru Komunitatearentzat estrategikoak diren eta arlo pedagogikoa gainditzen duten zeharkako gaiei buruz.
Amparo Lázaro Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle eta ikertzaileak proiektu hau zuzenduko du: “The use of models and explicit corrections among child writers: evidence from pairs and individuals in an EFL context” (euskaraz, Ereduak eta zuzenketa esplizituak erabiltzea haurrek idatzitako lanetan: banakako eta bikotekako frogak ingelesa atzerriko hizkuntza gisa ikasteko testuinguruan). “Proiektuaren oinarri frogatua da idazteak hizkuntzak ikasteko balio duela, eta beste perspektiba bat ere zabaltzen du: ‘hitz egitea idazteko eta idatzi ikasteko’ —esan du ikertzaileak—. Ikasle helduekin egindako ikerketek erakutsi dute ikasleek onura ateratzen diotela metodo berriari: testuak zenbait ikasleren artean idaztea, lan jakin bat errepikatzea eta ereduen laguntzaz nork bere testuak zuzentzea. Ikasle gazteekin, ordea, ez da ikerketa handirik egin, eta, beraz, idazteak ikasle gazteei ematen dizkien aukerak ikertu beharra dago”.
Kasu honetan, 150 neska-mutilek ingelesez idatzitako lanak aztertuko dituzte NUPeko ikertzaileek. Hain zuzen, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan daude ikasleak, Iruñeko hiru ikastetxe publikotan (Buztintxuri, José M.ª de Huarte eta San Juan de la Cadena) eta Vianako ikastetxe itundun batean (Erentzun Ikastola). “Testuak idazteko eta zuzentzeko zenbait teknika erabiliko dituzte ikasleek, banaka eta bikoteka”, esan du Amparo Lázarok. Harekin batera, Mª Ángeles Hidalgo, Hanne Roothooft eta Izaskun Villarreal irakasleak arituko dira proiekuan.
Rosa María Canals Agronomia Bioteknologia eta Elikadura Saileko irakasle eta IS-FOOD institutuko ikertzaileak “Ikertzaile emakumezkoak hezten: eskolan ingurumen- eta ekologia-heziketa irakasten hastea” izeneko proiektua zuzenduko du. “Proiektuaren bidez, ingurumen zientziak modu praktikoan ikasteari eman nahi zaio protagonismoa, eta hala ikasleen motibazioa indartu, eta haiei jakintza eta gaitasunak transmititu; izan ere, modu praktikoagoan eta erakargarriagoan irakatsiz gero, eta ikasleei ardurak har ditzaten utziz gero, gehiago ikasten dute zientziari buruz, eta errazago erakartzen dira emakumezkoak arlo horretara”, azaldu du Rosa María Canalsek.
DBHko 2. eta 4. mailetako hamabi neska aukeratu dituzte proiekturako, lau ikastetxetan: Navarro Villoslada BHI, Luis Amigó eta Vedruna ikastetxeak eta Monjardín lizeoa. Ikasle horiek aukera izango dute egiazko proiektu zientifiko batean parte hartzeko, zeina NUPek lideratu eta Europar Batasunak finantzatzen baitu: mendietako paisaia modu jasangarrian kudeatzea gaur egungo aldaketa globalaren aurrean (Open2preserve). “Ingurumen problematika eta ikerketaren erronka ezagutuko dituzte ikasleek, lan-saio bat egingo dute Orreaga-Iratiko Oihana naturagune babestuan, eta laborategiko lana eta emaitzak lantzekoa ezagutuko dituzte. Azkenik, lan zientifiko bat aurkeztuko dute ahoz beren ikastetxean”, dio Rosa María Canalsek. Harekin elkarlanean ari dira NUPeko María Durán, Leire Múgica eta Leticia San Emeterio ikertzaileak eta proiektuan parte hartzen duten ikastetxeetan irakasgai zientifikoak irakasten dituzten beste irakasle batzuk.
Ariadna García Prado Ekonomia Saileko irakasle eta INARBEinstitutuko ikertzaileak gidatzen du “Mezu hezigarriak: nola aurrea hartu obesitateari eta gehiegizko pisuari? Osasunari buruzko informazioak haurren elikadura-aukeran duen eragina” izeneko proiektua. “Bizitza hasierako etapetako osasun-egoerak eragin handia du helduaroan. Haurren gehiegizko pisua eta obesitatea saihesteko esku-hartzeetako askok hezkuntza-programak eta ariketa fisikoa bultzatzea izaten dituzte oinarri; literatura zientifikoaren arabera, ordea, ez dago argi hezkuntzako ekintzak berez nahikoa ote diren. Modu bat baino gehiago dago informazioa edo mezu hezigarria transmititzeko, eta eragin diferentea izaten dute batzuek eta besteek”, dio ikertzaileak, zeinari Jon Benitok, Rebeca Echávarrik eta Nuria Osések laguntzen baitiote proiektuan.
Guztira, Lehen Hezkuntzako zazpi ikastetxetako 258 ikaslek hartuko dute parte (Azpilagaña, El Lago, Ermitagaña, Hermanas Úriz Pi, Rochapea eta Luis Amigó ikastetxeetakoak eta Monjardín lizeokoak). Proiektuaren helburua da “egiaztatzea ea elikagai osasungarriei buruzko mezu positiboek eragin hobea duten haurren kontsumo-ohitura osasungarriak bultzatzen mezu negatiboek baino, azken horiek ohikoagoak baitira osasun publikoaren arloan” gaineratu du Ariadna García Pradok.
Iñigo Virto Zientzien Saileko irakasle eta IS-FOOD institutuko ikertzaileak proiektu hau zuzenduko du: “Oinez Basoa: ingurumen arloan parte hartzeko, ikertzeko eta hezteko tresna bat”. “Oinez Basoa izeneko basoen sareak duen indarra izan du abiapuntu proiektuak; izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko zenbait herritako zazpi basok osatzen dute sare hori, eta, 2008az geroztik, 35.000 arbola baino gehiago landatu dituzte Nafarroako Ikastolen Federazioak kudeatutako proiektu batean, zertarako eta urteroko Nafarroa Oinezen berotegi-efektuko gasen emisio gutxiago sortzeko”, dio Iñigo Virtok, zeinak laguntzaile baititu Rodrigo Antón, Isabel de Soto, Bosco Imbert eta Javier Peralta.
“Oinez Basoan sareko Tafallako Monte Planori buruz egindako ebaluazioan oinarritzen da proiektua; horri esker, zenbait ikerketa egin dira 2011z geroztik ingurumen-onurak ebaluatzeko —ekarri du gogora—. Aurrerapausoak eman nahi ditugu ikasleek parte hartuko duten ikerketa bat egiteko, sareko baso guztietara zabaltzeko adibide izan dadin. Horretarako, basoek zer-nolako zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen dituzten ebaluatuko da, eta hori irakaskuntzan nola integratu; gainera, plataformak garatu nahi ditugu hezkuntza-komunitate osoak parte har dezan: ikasleek, irakasleek, familiek, elkarteek eta tokiko agintariek. Asmoa dago biodibertsitatearekin, florarekin eta lurrarekin lotutako jarduerak egiteko; lurra, izan ere, inguruneko elementu bereziki kaltebera da, eta ez zaio garrantzi aski ematen derrigorrezko hezkuntzan”. Tafallako Garcés de los Fayos ikastolako eta Nafarroako Ikastolen Federazioko beste hamalau ikastetxetako ikasleek hartuko dute parte proiektuan.
Lucía Pellejero Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle eta ikertzaileak zuzenduko du “Bizikidetza eta hezkuntza inklusiboa: gaixotasun ezohikoak dituzten ikasleen kontrako eskola-jazarpenaren prebentzioa” izeneko proiektua. “Gaixotasun ezohikoak dituzten ikasleen eskola-egoerari buruz aldez aurretik egindako ikerketa batean, ohartu ginen Nafarroan ikertu genituen kasuetako askotan ikaskide batzuen tratu txarrak eta jazarpena jasaten dituztela halako gaixotasunak dituztenek ikastetxean bertan —dio Lucía Pellejerok—. Halako bizipen mingarriak, gaixotasun ezohikoak dituztenei min eman eta beren eskubideak urratzeaz gainera, oso larriak dira ikastetxean gertatzen direlako; halako erakundeetan, izan ere, abegitsuak, amultsuak eta xaloak izan beharko bailukete erlazioek. Gainera, bada beste arazo bat: halakoetan, modu pedagogikoan esku hartzen ez bada, baliteke ikasleek ez ikastea errespetuan eta zaintzan oinarritutako erlazioak eraikitzen.
Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxe publikotako 106 ikaslerekin egingo da ikerketa-proiektua; zehazki, Beriain, Ezkaba eta San Pedro ikastetxe publikoek badituzte jende gutxiri eragiten dioten gaixotasunak dituzten ikasleak. Proiektuan, hezkuntza-komunitateko kideek gaiari buruz zer iritzi duten ikertuko da, ikasleentzako, irakasleentzako eta familientzako galdetegien bidez. “Gero, ikastetxeei aukera emango zaie haientzat propio diseinatutako proposamen didaktiko bat ikasgelan inplementatzeko; modu horretan, ikasleei gogoeta eginarazi nahi zaie dibertsitatearen, bizikidetzaren eta inklusioaren inguruan, GERNA taldearekin lankidetzan diseinatutako bizipen-dinamika eta baliabide batzuen bidez [GERNA, Gaixotasun Arraroen edo Ezohikoen Nafarroako Taldea]”, esan du azkenik Lucía Pellejerok, zeinak Nieves Ledesma, Maider Pérez de Villarreal eta Paolo Scottonekin egiten baitu lan proiektuan.
Albistearen iturria: http://www.unavarra.es/actualidad/berriak?contentId=240051&languageId=100001
Ikus bideoa: https://youtu.be/PTMDqBNTD_0