Otsailaren erdialdera Frain mendian Oinez Basoaren irekiera ekitaldia ospatuko da. Gure ikastolako partaide guztiak gonbidatuta gaude, baita Nafarroako bertze ikastolak ere. Agintariak ere etorriko dira eta egun horretan hasiera emanen zaio baso berriaren zuhaitz landaketari.
2015eko abenduaren 19an sute handi batek Lesaka eta Igantziko eremuak erre zituen, sute hori urte hartan Nafarroan erregistraturiko handiena izan zen;Frain izeneko mendian 190 hektarea kiskalita gelditu ziren.
Zuhaitz bat energia handiko kable baten gainera erori eta puskatu zenean hasi zen sua. Kablea lurrera erori eta segidan sutea zabaldu zen lur eremu zabal batean. 190 hektarea erre ziren, horietako 120 hektarea zuhaitzez beteriko baso aberatsak ziren;pinuak, gaztainondoak, bertako haritzak, haritz amerikarrak, lizarrak eta bestelako espezieak erre ziren sutean. Bertako zuhaitz gehienak hilak edo kaltetuak gelditu ziren, batez ere hari-tzak, inguruko ekosistema arrisku larrian jarriz.
Hondamendi hau ikusirik, Tantirumairu Ikastolak Nafarroa Oinez 2017 antolatzearekin batera, Oinez Basoa proiektua bere esku hartu zuenean, egoki iruditu zitzaion Frain eta Ziobiko eremu hondatu horiek zuhaitzekin berriz landa-tzea. Proiektua Lesakako Udalari aurkeztu zion eta honek bere gain hartu zuen. Abuztuan hitzarmen bat sinatu zuten Lesakako Udalak, Tantirumairu ikastolak eta NIEk proiektu hau antzinera eramateko Nafar Gobernuaren diru laguntzarekin.
Proiektuari esker, 9 hektareako eremua berriz landatuko da, Ziobiko parajean 7,42 hektarea eta Fraingo kaskoan 1,63 hektarea. 11.000 zuhaitz landatuko dira, orain arteko Oinez Basorik handienean Ziobiko lurretan, bertako haritza, gereziondoa, lizarra, Pinus taeda eta Atlas zedroa landatuko da. Frainen aldiz, urkia, bertako haritza eta gereziondoa landatuko dira. Bi landaketa eremu hauek itxiak egonen dira zuhaitzak babestuak egoteko.
Erretako lurren berreskurapenaz gain, Tantirumairu Ikastolak bere ekarpena eginen dio proiektuari;Fraingo eremu berdinean, ibiltarientzat atseden eta informazio gune bat sortuko du. Oinez Basoaz eta bertako proiektuaren gaineko informazioa emanen duen interpretazio kartela sortu eta inguruan kokatzeaz arduratuko da, gainera basoa nola doan hazten begiratu eta jarraipena eginen dio.
ZER DA OINEZ BASOA? Tantirumairu Ikastolarena Nafarroa Oinezek sortuko duen zazpigarren basoa izanen da, 2010ean Oinez Basoa abian paratu zenetik Arbizun. Oinez ospakizunak ingurumenean kalte ekologikoak eragiten zituela ikusita sortu zen egitasmoa abiatzeko ideia. Izan ere, baliabide naturalak kon-tsumitu, hondakinak sortu eta berotegi efektuko gasak isurtzen baititu bestak.
Lehenengo Oinez Basoa Iruñeko Jaso Ikastolak antolatu zuen. Eurek sortu zuten ideia, ospakizunak sortutako kalte ekologikoak orekatzeko. Baso bat sortzea da ideia nagusia;besta ospatzen zen tokian ingurumenarentzako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: natur gune autoktonoa birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa.