eus | cas
Babestutako zuhaitzak: 55

Albisteak

2017 IRA 4

OINEZ BASOA BAZTAN

Baztan Ikastolak 2015ko Nafarroa Oinezi lotuta sortu zuen bosgarren Oinez Basoa.

8.000 landare hartzen dituen Baztango Oinez Basoa, babestutako bi zuhaitz espezieren kontserbazioan laguntzen ari da:
Portugalgo Erramua (Prunus Lusitánica). Mundu mailan galtzeko arriskuan dagoen landare gisa katalogatuta dago baina Baztanek aurrera egiteko aukera eskaintzen dio, itzala, hezetasuna eta tenperatura epeldun mikroklima dagoen lekuetan garatzen baita.
Pago Lizarra (Carpinus Betulus). Iberiar Penintsulan kaltebera gisa katalogatuta ageri da eta atlantikoko baso mistoetan hazten da, lur biguneko magaletan

Momentuko joerari eutsiz gero eta neurririk hartzen ez badugu datozen 50 urtetan 70.000 landare baskular inguru desagertuko dira, ezagutzen direnen laurdena edo bostena. Oinez Basoa komunitatearen leloari jarraiki, gizarte arduratsu batek jaso duen kultura-ondarearen bizi irautea eta transmisioa ziurtatzen du eta etorkizuneko belaunaldien baliabide eta aukerak arriskuan jarri gabe bere beharrak asetzeko gaitasuna du.

Jasotako kultura-ondarearen baitan ere Baztan Ikastolak ekarpena egin nahi izan zuen eta  keinu bat egin zion iraganari, arbasoek, bertako amatxi eta aitatxiek, basoaren zuten konpromisoa gogora ekarriz. Horretarako aurreko belaunaldiek basoa lantzeko eta kudeatzeko zuten Minditze ohituraren inguruan testigantzak jaso zituzten. Lehenago herri bakoitzeko Minditze bat zuten, gero basoak oihan berritzeko garaian beharrezko ziren landare haztegiak ziren.