Badira zazpi urte Nafarroan lehen Oinez Basoa sortu zenetik. Arbizun landatu zen 2009ko Nafarroa Oinez ekimenaren eskutik, Etxarri Aranatzeko Andra Mari Ikastola antolatzaile zelarik. Hastapenak ez dira errazak izaten eta duela zortzi urte zaila zirudien Nafarroa Oinez ekimenaren bitartez eragindako isurketak konpentsatzearren basoak sortzea asmo zuen ekimenak zein ibilbide eginen zuen irudikatzea. Egun ordea, atzera begiratuta, egindako ibilbidea behatu eta eskuratutako lorpenak argi asko ikus ditzakegu. Arbizun, bederatzi espezie ezberdin landatu ziren, orotara 5.200 landare: lizarrak, douglas izeiak, izei zuriak, haltzak, sekuoiak, astigarrak, haritzak, gaztainondoak eta intxaurrondoak. Basoak aurrera darrai, urtaroz urtaro, hazten eta indartzen. Horretaz gain, landaketaren ostean Sakanako anfibioen bizilekua hobetzeko asmoz, batik bat babespeko espeziea den igel zaluarentzat, bi putzu sortu ziren. Helburu nagusia heze gunea areagotzea zen igel zalduaren ugalketa erraztearren, anfibio hau Nafarroako espezie mehatxatuen katalogoan bilduta dago.