eus | cas
Babestutako zuhaitzak: 55

Albisteak

2016 EKA 29

Zuhaitzak ezagutzen Ibaialde ikastolan

Urtero legez, aurki izango dugu gure artean Basoa Oinezaren edizio berria. Jakingo duzuen bezala oraingo honetan Erribera aldeko bi herrietan jardungo gara: Andosillan eta Sartagudan. Honela Ibaialde ikastolako zenbait ikasle eta irakasleri proiektu horren hitzaurre izan zitekeen jarduera dibertigarri eta interesgarri bat egitea otu zitzaien. Hilabete honetan zehar, udaberrian sartu garela aprobetxatuz, zuhaitz desberdinen hostoak biltzen aritu dira gero sailkatzeko asmoarekin.

Eta halaxe egin zuten atzo bertan. Lehenik eta behin, hostoak ongi lehortu dituzte egunkari orrien artean eta ondoren ordenagailu eta liburu desberdinak erabiliz, zuhaitzen izenak eta argazkiak bilatzen aritu dira.

Ez da erraza izan, 50 zuhaitz baino gehiago sailkatu behar izan dituztelako. Gainera izen guztiak latinez, erdaraz eta euskaraz aurkitzea lortu dute. Lan guzti horrek emaitza oso onak eman ditu berehala, gaurtik aurrera gure inguruko haurrek ongi ikasi baitute gure ingurua zein aberatsa den eta baita orain arte ezezagunak izan diren hainbat izen; astigarra, gurbitza, urkia, elorri zuria, ezkia, eta bar luze bat, gaur gertuagokoak ikusten dituztelako eta zuhaitz horiek identifikatzeko gai direlako.

Hala ere, lana ez da hor amaitu, azken egunean gurasoei zuzenduriko erakusketa zabal bat antolatu baitute.

Haurrei iritzia eskatu diegunean oso garbi adierazi digute, datorren urtean ere, jarduera hau egitea asko gustatuko litzaiekeela. Anima zaitezte zuen eskolan berdina egiten!