Hitzarmena, proiektuan inplikatutako hiru erakundeek sinatu dute: Nafarroa Oinez Fundazioak, Andra Mari ikastolak eta Arbizuko udalak. Horren arabera, ikastolak landaketa berriak eginen ditu basoan, hegaztien behatokiak sortuko ditu edo eta basoaren itxitura konponduko du. Arbizuko udalak berealdetik, basoa garbituko du, itxituraren mantentze lanez arduratuko da eta xenda bat ere eginen du.
Basoa garatzeko proiektua, urriaren 8an Etxarrin ospatuko den Nafarroa Oinez 2023ari lotuta etorri bada ere, basoaren sorrera 2009an ospatu zen Nafarroa Oinezaren testuinguruan gertatu zen. Urte horretan, Patxi Lakuntzak ekarri zuen ideia Andra Mari ikastolara. Proiektua garatzeko oinarriak eta baldintzak adostu, eta Arbizuko lur eremu batean kokatzea erabaki zen. Ordutik, Arbizuko honetaz gain, beste 10 baso sortu dira Tafallan, Tuteran, Zangozan, Baztanen, Andosilla-Sartagudan, Lesakan, Altsasun, Arguedasen eta Barindano Antzin Lizarran.
Oinez basoaren helburua, batez ere, ekologikoa da: jaiak sortzen duen aztarna ekologikoa gutxitzeko asmoz, ospakizunaren lekuan ingurumen-kalitateko lekuko iraunkor bat uztea. Basoa jasangarritasunari lotutako ekimen bat da, eta jai-eredu iraunkor baterantz egitea du helburu. Proiektuaren 16 urteko ibilbidean 51.000 zuhaitz baino gehiago landatzea lortu da.
Arbizuko basoaren garapena
Arbizuko basoaren garapenean eta aste honetan sinatutako akordioaren baitan 80 haritz, 20 astigar, Galiziatik ekarritako 20 gaztainondo tratatu eta bertako 5 gaztainondo landatuko dira. Horretaz gain, basoan integratuta egongo diren hegazti behatokiak sortuko dira. Bakoitzean 30 lagunentzako tokia egongo da, ikasgela oso bat hartzeko moduan, alegia. Izan ere baliabide pedagogiko gisa ere erabili nahi da ikasleekin bisitak eta bestelako jarduerak eginez.
Basoaren garbiketa eta itxituraren mantentzea Arbizuko udalak eginen ditu eta Andra Mari ikastolak konpromisoa hartu du landatutako zuhaitzak zaintzeko, berriak landatzeko eta behatokien eta langaren mantenu lanak egiteko.
Bestalde, Andra Mari Ikastolak eta Nafarroa Oinez Fundazioak, Udalarekin batera, jardunaldi bat antolatuko dute Arbizuko Oinez Basoa mustutzeko eta jendaurrean aurkezteko.
Babestu basoa eta zuhaitzak zure ekarpenekin!
Oinez Basoan dauden zuhaitzak babesteko, oinezbasoa.eus helbidera jo daiteke. Ekarpena egin nahi izanez gero, esteka honen bitartez egin daiteke zuzenean: https://www.nafarroaoinez.eus/basoa/eu/zuhaitza_aukeratu.asp?IdEspecie=30