LEIHOTIK ALDIZKARIA, PAZ DE ZIGANDA IKASTOLA (63 ZB. - 2023 APIRILA)
Marta, 2008tik 2023rako bitarte honetan, zenbat baso sortu dira Oinez Basoa proiektuari esker?
Oinez Basoaren asmoa Jaso Ikastolan sortu zen 2008ko Nafarroa Oinez tarteko, baina ez zuten nahikoa astirik izan gauzatzeko, eta hortaz, ideia Etxarri Aranatzen dagoen Andra Mari Ikastolak heredatu zuen 2009an. Lehen basoa 2010eko neguan landatu zuten, Andra Mari eta Paz de Ziganda Ikastolek, hurrenez hurren, 2009 eta 2010ean antolatutako Nafarroa Oinezen babespean. Orduz geroztik, beste 9 baso sortu dira: Tafallan, Tuteran, Zangozan, Baztanen, Andosilla-Sartagudan, Lesakan, Altsasun, Arguedasen eta Antzin-Barindanon.
Tamalez, esan beharra dago, joan zen udan izandako suteek Arguedaseko basoa kiskali zutela. Egun Nafarroako Gobernua Europarekin diru-laguntzak jorratzen ari da, erretako eremuak birlandatzeko.
Bestalde, Tafallan 2. Oinez basoa sortzeari ekin diote. Zuhaitzen landaketa burutu berri da Cascarruejos izeneko aintzira inguruan eta datozen hilabeteetan zehar hegazti behatokia eraikiko da bertan.
Zehazki, zenbat zuhaitz landatu dira eta zenbat CO2 tona konpentsatzen dute?
52.000 zuhaitz inguru landatu dira orotara Oinez Basoetan. Ekimen honen bertuteen artean kokatzen den inguruneari egokitzeko duen ahalmena dugu, eta hortaz, gure Nafarroa luze zabalean mendebaldeko baso bat topa dezakegu, baina baita baso mediterraneo bat, ibaiertzeko baso bat edo baso jangarri bat ere, besteak beste. Ildo beretik, espezie ugari biltzen dituzte Oinez Basoek: haritzak, gaztainondoak, intxaurrondoak, haltzak, lizarrak, erkametzak, Portugalgo-erramua, pago-lizarrak...
Ez daukagu daturik konpentsatzen dugun C02 kopurua zein den jakiteko. Paz de Zigandako ikasleek Arbizuko basoan egin duten ikerketaren bidez datu hori eskuratuko da, gutxi gora- behera, bederen. Datu integrala izateko, ikerketa bera burutu beharko litzateke Oinez Baso guztietan.
Ezagutzen al duzu Europan beste eskola sareren bat horrelako ekimen bat sortzeko ahalmena duena?
Egia esan, ez. Badira aire zabalean espazio pedagogikoak dituzten ikastetxeak, baina aipaturiko espazioak ez dira “propioak”. Oinez Basoaren bidez Nafarroako ikastolek basoak sortu eta berauen garapena jarraitzeko gaitasuna dugu. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Nekazaritza Ingeniaritza Doktorea den Iñigo Virto bidelagun dugu Oinez Basoa ekimenean eta bere esanetan, benerako pribilegioa da halako baliabide bat izatea.
Zein da aurtengo asmoa Etxarriko ikastolaren eskutik?
2009 eta 2010 Nafarroa Oinezen baitan sortu zen lehen Oinez Basora bideratuko da aurtengo eskuhartzea, Arbizuko Oinez Basora, alegia. Basoaren egoera ona dela adierazi digute bertako basozainek, baina jakina den bezala, landaketa bat egiten denean landatutako zuhaitz guztiek ez dute aurrera egiten.
Bere egunean 8 zuhaitz mota landatu ziren; 13 urte geroago, espezie bakoitzak izan duen garapena eta inguruari egokitzeko erakutsi duen gaitasunari erreparatuta, landarerik gabe dagoen eremuan landaketa berria egingo da.
Batetik, bertako haritza landatuko dugu, landatutako zuhaitzen artean hobekien egokitu den espeziea baita. Halaber, gaztainondo batzuk landatuko ditugu. Landare delikatua da hau, 3 gaitz motek eragiten diote eta 2010ean landatutako asko hil egin ziren. Oraingoan, Sakanako Mankomunitatearen laguntzaz egingo dugu, eskualdeko beste herri batzuetan landaketak egiten ari direla aprobetxatuz. Gainera, gaztainondoen landaketa euskal kulturaren transmisioarekin lotuko dugu, tokikoarekin hain zuen. Garai batean, Arbizuko etxeetan oinarrizko elikagaia baitzen gaztaina, gauero jaten zena. Aukeran, bideotxo bat sortu nahi dugu, garai haiek bizi izan zituzten lagunen testigantzak jasotzeko asmoz.
Basoak behar dituen mantenu lanei ere eutsiko diegu, garbiketa zenbait eremutan eta langa berri baten sortzea aurreikusi ditugu.
Horretaz gain, hegazti-behatokiak sortzeko asmoa dugu. Ez dugu oraindik erabat zehaztu, baina ideia basoan zehar ibilbide bat markatzea da eta lauzpabost behatoki “txiki” sortzea. Hegaztientzat janaria uzteko saskitxo batzuk kokatu nahi ditugu eta ondoan kamuflatutako behatoki txikiak. Ideia ez da hegaztiak era iraunkorrean elikatzea, eta hortaz, saskiak bisita egiterakoan besterik ez lirateke erabiliko. Behatoki kopurua eta berauen kokalekua biologo baten laguntzaz zehaztuko ditugu.
Oinez Basoak, jasangarritasunaren aldeko ekimena izan ezezik, ekarpen pedagogiko bat ere badu, ezta?
Oinez Basoak heziketarako basoak dira, baliabide pedagogiko bat sentsibilitatea eta ingurugiroarekiko begirunea eragiteko baliatu behar ditugunak. Tafallako basoan zenbait ikerketa burutu dituzte ikastoletako ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean, izan ere, sortutako txostenak ikusgai daude Oinez Basoa webgunean. Aurten Arbizuko basoa izango da aztergai.
Ildo beretik, ekimenaren ibilbidean zehar ikastoletan sortu diren unitate pedagogikoak eskura daitezke www.oinezbasoa.eus webgunean.
Egun, klima aldaketa guztion ahotan dago, eta begi bistakoa da abiadura bizian gertatzen ari dela, batez ere, gizakiaren eraginez. Halaber, egun, euskararekiko ezagutza maila handiagoa den arren, azken urteetan erabilerak behera egin duela behatu dugu. Gauzak honela, alde batera utzi ezin ditugun bi fronte dira. Nahitaezkoa da gure ingurunea eta gure kultura-ondarea zaintzeko beharraz kontzientziatzen jarraitzea, hots, pedagogia egitea. Erantzukizunez jokatu beharra dugu, gure adinekoek utzitako ondarea gorde, eta ahal den neurrian aberastu behar dugu, atzetik datozenei emateko.
Familia berriek batzuetan ez dute ekimena ondo ezagutzen eta zuhaitza babesteko txartelak banatzen direnean ez dira jabetzen zer dagoen atzetik. Zer esango zenieke familia hauei?
Arestian esan bezala, Nafarroako ikastolak zorionekoak gara halako baliabide bat eskura dugulako, basoak sortzeko ahalmena izatea ez da nolanahiko kontua. Ekimenaren bitartez, ikastola proiektuak berezkoak dituen balioak praktikan jartzen ditugu, kasu honetan ingurumenarekiko eta euskararekiko errespetua, zaintza eta ardura. Eta ez soilik ikastola kolektiboa osatzen dugunoi begira, baizik eta Nafarroa, Euskal Herria, mundu zabala oinarri hartuta. Nafarroako ikastolek sortutako basoak ekarpen handia da, gizartearen onura bilatzen duena. Hortaz, urtero banatzen diren Oinez Basoa txartelek duten balioa izugarria da.
Egia da ordea, sarritan, etxetik kanpo ikastoletan baino balio handiagoa ematen zaiola ekimenari. Esate baterako, 2021ean, Orreaga Fundazioak Nafarroako Ikastolen Elkartea eta Nafarroa Oinez saritu zituen Oinez Basoa proiektuagatik. Ildo beretik, proiektua oso ezaguna da Nafarroako Gobernuan, Ingurumen Departamenduan, hain zuzen, baita Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere.
Paz de Zigandako ikasleak Arbizun egon dira (otsailean). Zer iruditzen zaizu NUPeko Iñigo Virto edafologoaren aholkularitzapean burutzen ari diren ikerketa? Nolakoa izan zen Arbizuko basoko bisitaldia?
Ikasleak Arbizuko Oinez Basora hurbildu eta bertan ikerketa burutzea borobila iruditu zait. Hezkuntza eremua oinarri hartuta, ikastetxeetan halako ekimenak burutzea funtsezkoa da haurrak eta gazteak etorkizuneko itxaropena baitira. Eurek, inork baino hobeki, ulertu behar dute zer gertatu den eta zer den errepikatu behar ez dena. Basoak ikasgela bihurtu behar ditugu. Ikasleek aire librean ibili beharra dute, naturarekin harremanetan.
Otsailean ikasleek burututako saioa oso interesgarria izan zen. Iñigo Virto eta ikastolako irakasle den Nagore Aizpuruaren laguntzaz zenbait esku hartze burutu zituzten ikasleek:
Jasotako informazioa baliatuta zenbait datu lortuko dituzte ikasleek, gerora txosten batean jasoko dituztenak.