Leloa

Nafarroako nekazariek oso ongi dakite, urteko uzta oparoa izan bada ere, uda ostean zikloak aurrera jarraitu behar duela eta berriz ereitea beharrezkoa dela.

Tafallako Garces de los Fayos Ikastolak mende erdia bete berri du. Berrogeita hamar urte lanean, kalitatezko hezkuntza euskalduna eskainiz. Lan horri esker, euskarak gure inguruan duen presentzia irmoki sustraitu da, eta gaur egun esan dezakegu eremu honetan jende askok euskara erabiltzeko aukera duela. 

Baina urteurrena ospatzeko ez ezik, egindako bideari begiratzeko eta hurrengo urratsetan pentsatzeko unea ere bada. Badakigu garai ziurgabeetan bizi garela, “likidoak” deitzen diete batzuek; gure mundua globalizatua da, teknologiaz betea eta erronka izugarriekin.

Horregatik, mende erdia bete dugularik, Nafarroako Erdialdetik, inoiz baino ozenago aldarrikatu nahi dugu erein... erein... eta ereiteko beharra,  gure seme-alabek ikasi, lan egin, besteekin elkartu eta amesten duten bizitza euskaraz egin ahal izateko. Eta egin dezatela gainerakoek dituzten baldintza berdinetan, xede horiek lortzeko nahia eguneroko borroka bihurtu gabe.

Horregatik gure leloa: «Erdian Erein». “Erein” hitzak hazia bota, hedatu, barreiatu eta zabaldu esan nahi duelako; eta “Erdian”, gauden leku geografikoarengatik eta ikastolak mende erdiko historia osatu duelako.

Ideia horrekin etorkizunari begiratzen diogu, gure arbasoek irakatsi zigutena  ahantzi gabe: ereitea beharrezkoa da. Izan ere, urte batez ahaztuz gero, handik gutxira, garia egon zen lekuan ez baita ezer geratuko. 

Jarrai dezagun, beraz, lur honetan euskara ereiten.



Hurrengo ekitaldiak

Online denda Egin zure ekarpena Babesleak Pedro Luis Kontserbak Boluntarioak