Logoa

50 urteetan pausorik pauso bidea egin dugu, Lizarran euskaraz bai, bizi eta hazi gara, eta orain abiadura hartu eta hurrengo 50 urteetarako hegan egin nahi dugu. Ega inguruan hegan, igerian Egan, baina beti ere oinez. Errealitatearekin bat, oinak lurrean sendo, mugarik gabe hegan eginez!

 Nola egin nahi dugu bide hau? Txorien eta arrainen antzera... Oskola hautsi, hasieran oinez ikasi, eta indarrak hartutakoan, hegan. Egan, etorkizunera hegan. Hodei guztien azpitik, sasi guztien gainetik lau haizetara euskara zabaltzen.

Txoriak gure ikur, Ega bizkar hezur, arrainaren etxea herriaren lur.

Tantaz tanta sortzen den ur emaria ibai bilakatua, gure bizimodua bertan errotua, elkarrekin txori eta arrain. Denak ez baikara berdinak. Gure Txio, Pio, Susu, Muxu eta Ur aniztasun horren lekuko.

Urte bateko ospakizuna biko bilakatu da. Berezia zena bereziago da orain,  irribarrea ikusezin bihurtzeraino. Egoera berrira egokitu behar izan dugu, gure arbasoek egin behar izan zuten bezala. Haien indarraz ausart, ongietorria egin nahi diogu etorkizunerako bidelagun orori, berriz irribarrea ikusgarri egin arte.

Ikastola gara, bere handitasunean zein txikitasunean. Biak gara, handi zein txiki. Bertako zein kanpoko. Hegalari zein igerilari. Txori zein arrain. Denak beharrezkoak. Gure txikiei erakutsiz, elkarrekin, ezina ekinez egiten dela.

Nafarroako txoko batean, mendiz inguratua, ibaiaren ertzean errotua, hemen dago Lizarra. Bertako txoriek eta arrainek euskara darabilte, belarrietan aurrena, ahoan gero, bihotzean beti. Maitasunez guztiek. Eta maitasuna, hitza bezala, ederragoa da partekatuz gero. Zu eta ni, gu, elkarrekin.

Eraiki dezagun etorkizuna. Oinez, igeri, hegan, egin dezagun elkarrekin.

hegan oinez.

Ongi etorri

 Ikastola

 Nafarroa

 Euskara

 Zu eta ni, gu, elkarrekin



Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia