2021/11/25

Hunkigarria, koloretsua, kartsua, dibertigarria… ez dira aski Tafalla Kulturgunean burutu zen desfilea deskribatzeko adjektiboak. Ekitaldi arrakastatsu (aretoan dauden 445 eserlekuak bete ziren) honen helburua Tafallari eta, orokorrean, Erdialdeko Nafarroari Oinez 2022 aurkeztea izan zen. Gauzak honela, Garcés de los Fayos Ikastolako ikasleriak biltzen dituen herri guztietako udal ordezkariak izan ziren bertan (Amatriain, Amunarrizketa, Artaxona, Artariain, Barasoain, Beire, Garinoain, Iratxeta, Larraga, Miranda de Arga, Erriberri, Puiu, eta San Martin Unx). Aldi berean, ikastolak bizi izan dituen 50 urte luze hauetan zehar zentroaren ibilbidea eraikitzen lagundu duten horiek guztiek ere parte hartu zuten: familiek, irakasleek, ikasleek, ikasle eta irakasle ohiek, lehendakariek eta zuzendariek, besteak beste.

Ikastolako zuzendaria den Paula Arreguiren hitzek aipatutako talde eta ordezkari hauen guztien partaidetza eskertu zuten, eskertza Nafarroako Ikastolen Elkarteari (NIE) ere luzatu zitzaiolarik.

Ildo berean, Aritz Azcarate lehendakariak gogorarazi zuen Tafallako Ikastolak “bidean aurrera egin zuela zortzi familiak egindako apustuari esker, Tafallan euren seme-alabek euskaraz ikas zezatenaren aldeko apustua, hain zuzen”. “Jende gutxi baina borondate handiko pertsonen laguntzaz” ikastola lurretik zerura altxatu zen: “legez kanpokoa, bitartekorik gabea, libururik gabea, familiek euren eskutik jarritako materialarekin”. Baina belaunaldiz belaunaldiko familien, irakasleek eta ikasleen laguntzarekin “euskarak bere sustraiak errotu ditu”.

Honen harira, Arreguik eta Azcaratek datorren urterako aukeratutako logoaren eta leloaren esanahia azaldu zuten, Erdian Erein. “Erdian” Ikastola kokatuta dagoen gune geografikoarengatik ez ezik, ikastetxeak bete duen mende erdiarengatik. “Erein” euskara eta euskal kulturaren landatze, hedatze eta zabaltzearen adierazle gisa.

Ezkurra, berriz, irudi gisa aukeratu da, ikastolak ondotxo baitaki fruitu txiki hori, denborarekin, zuhaitz handi bat sor dezakeen hazia ere badela. Eta hizkuntza gutxituekin gertatzen den bezala, Arreguiren hitzetan, “haiek zaindu, maitasunez ureztatu eta haizetik babesten badira, gai dira munduari euren handitasuna erakusteko bezain beste garatzeko” .

2022ko Nafarroa Oinezen asmoei men eginez, ikastolak gune irekiak behar dituela azpimarratu zuten. Askatasun osoz aritu ahal izateko espazio irekiak, hezkuntza-proiektuarekin bat egiten duten guneak. Elkartu ahal izateko, talde-lana bultzatzeko eta erabakiak guztien artean adosteko eremuak, hain zuzen. Honekin batera, lortzen diren irabaziak Tafallako Ikastolak aurreko urteetan bereganatutako maileguei aurre egiteko lagungarri izango dira (2011. urtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikina sortu zen).

250 parte-hartzaile

Jaialdian murgilduz, aipatzekoa da bertan Nafarroako Erdialdeko hainbat talde sozial, kultural eta kirol taldeetako 250 ordezkarik parte hartu zutela, Tafallako Ikastolari eta 2020ko Nafarroa Oinezi babesa emanez.

Xabier Flamariquek eta Jaione Urtasunek aurkeztutako ekitaldia Nerea del Fragok Tafallako Oinezen inguruan eskaini zuen bertso batekin hasi zen. Jarraian, José María Velasco klarinete jotzailearen eskutik aurreskua entzuteko aukera izan genuen, Aroa Ibáñez, Xabier Narzábal, Nagore Ganuza, Ainhoa Susperregi eta Amaia Arregui dantzariek lagunduta.

Leire Martinez artistak, bere aldetik, ekitaldian zehar Nafarroa Oinez logoa margotu zuen.

Honekin batera, Maite Leunda eta Jorge Preciado izan ziren txalaparta jotzen; Photocall aurrean Puntido Antzerki Taldea aritu ziren; Tafallako Erraldoi Konparsa; Tafallako Gaiteroak; Malatxo Txaranga; Tafallako peñak, El Empuje, El Cierzo eta El Aguazón; Higuera Argazki Elkartea, Tafallako abesbatzak, Baigorri Abesbatza, Tubala Uxoa Abesbatza eta Tafallesa Abesbatza; Udal Musika Eskola; Peña Sport F.C., Tafatrans Vulcanizados Ruiz F.S. eta Castillo F.C. taldeetako kirolariak; Alaitz Mendizale Elkartea, San Sebastián Pelotazale Peña; Tafalla Saskibaloi Kluba; CAD Tafalla; Tafalla Eskubaloi Kluba, Tafalla Gimnastika Erritmikoa Kluba; Erdialdeko LGTBIQ+Laiak Kolektiboa; Garrasika Talde Feminista; Erriberriko Oihua; Artaxonako Harresia Kolektiboa; eta Tafallako Merkatarien Elkartea (Ascota).

Baina ez hori bakarrik, jaialdian zehar, batetik Luana eta Maialenen, eta bestetik, Rotten XIII taldean aritu ziren. Endika eta Amaiurren ahotsez gozatzeko aukera izan zen. Era berean, aipatzekoa da Haur Hezkuntzako txikiek aitona-amonekin egin zuten desfilea, oso hunkigarria izan zena. Honekin batera, Ander Labairu modeloak gidatutako desfilea nabarmentzekoa izan zen, zeinetan Lehen Hezkuntzako ikasleek Ander imitatu zuten, bertaratutakoen barre algarak eragin zituztelarik.

Azkenik, La Tafallesa Musika Bandaren partaidetza izan zen jaialdiari amaiera eman zion batukadan.



Itzuli
Tafalla Nafarroa Oinezen alde Tafalla Nafarroa Oinezen alde

Hurrengo ekitaldiak