2021/09/07

LIZARRA IKASTOLAK TXIKIAK HANDI MANIFESTUAREKIKO ATXIKIMENDUAK ESKURATZEKO KANPAINA ABIARAZI DU

Txikiak Handi Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolak 2009an ospatu zuen Nafarroa Oinez ekimenari lotutako leloa izan zen. Andra Mari Ikastola txikia da, ikastola osatzen duten herriak txikiak dira, gure herrialdea, Euskal Herria, txikia da eta nola ez, gure hizkuntza, euskara, hizkuntza gutxitua da. Baina txikiak izanda ere sendoak gara, indartsuak eta etorkizun handikoak eta horixe izan zen 2009an zehar Nafarroa Oinezen bitartez aldarrikatu nahi izan zena, txikien handitasuna alegia, hizkuntza gutxituei lotuta. Gizarte globalizatuan handiek besterik ez dutelako tokia. Andra Mari Ikastola Europako hizkuntza txikien enbaxadore bilakatu zen, Txikiak Handi manifestua sortu zuen eta herrialde txikien sarea sortzeari ekin zion txiki askoren loturak indarra ematen duelako.

Gerora, 2010etik aurrera, Txikiak Handi proiektu egonkor bilakatuko da, Nafarroa Oinez festa bidelagun, euskara eta euskal kulturaren aldarrikapenetik hizkuntza anitzen mundurantz zabaltzeko eta hizkuntza guztiak errespetatuak izateko eskubidea lortu nahi duelarik. 

Ekimena sortu zenetik asko eta asko izan dira Nafarroa Oinez ekimena antolatu duten ikastolek burututako proiektuak eta beste herrialde batzuekin izandako hartu-emanak, zeintzuek Txikiak Handi sare zabala eta sendoa eratzea ahalbideratu baituten.

Lizarra Ikastolak, azken bi urte hauetan Nafarroa Oinezen gidari izan denak, Txikiak Handi manifestuarekiko atxikimenduak eskuratzeko kanpaina abiarazi du. Irailaren 6 eta 19a bitarte luzatuko du gonbita hala norbanakoek, nola erakunde, elkarte edo beste edozein taldek manifestuari babesa eman diezaion, nahiz eta manifestua urte osoan zehar sinatu ahal den. Atxikimenduak webgunearen bitartez jasoko dira eta atxikipena ematea oso erraza da. Izen-abizenak eta e-posta ezinbesteko datuak dira eta nahi duenak zein herritakoa den eta zein elkarte ordezkatzen duen gehitu dezake. Erronka, 5.000 sinaduretara heltzea da.

TXIKIAK HANDI MANIFESTUA

ADERAZI NAHI DUGU

·         Mundua eleanitza dela.

·         Hizkuntzak altxor kulturalak direla, eta horrek aniztasuna eta aberastasuna ematen diela munduko herrialdeei.

·         Hizkuntzak herrien eta pertsonen identitaterako eta garapenerako funtsezko tresnak direla.

ALDARRIKATU NAHI DUGU

·         Hizkuntza gutxituak ere errespetatuak eta kontuan hartuak izateko eskubidea.

·         Gure hizkuntzak normalizatzeko behar adina laguntza eta babesa izateko eskubidea, batez ere hezkuntza arloan.

·         Gure hizkuntzek legaltasun osoa izateko eskubidea euren eremuan.

·         Gure hizkuntzetan bizi ahal izateko eskubidea, gizarteko edozein esparrutan.

HONAKO KONPROMISO HAUEK HARTU NAHI DITUGU

·         Hizkuntzen normalizazioan lanean segitzeko gure arteko zubiak eraikitzea, txikion batasunak handi egiten gaituelako.

·         Manifestu honi, ahalik eta oihartzun zabalena ematea.

Manifestua sinatzea, Txikiak Handi webgunearen bitartez: 

http://www.nafarroaoinez.eus/txikiakhandi/manifiesto.asp?IdContenido=7&idioma=eu



Itzuli

Hurrengo ekitaldiak