2021/01/28

ESKOLARTEKOA, PLAZAZ PLAZA

Euskal Herriko Eskolarteko azken hitzorduak joan den urteko ekainean behar zuen baina, pandemia tarteko, ezin izan zen burutu. Bigarren saiakera bat izan zen azaroan baina hura ere bertan behera geratu zen. Lurraldeetan saioak egiteko aukera izan zen ordea eta haien bitartez erabaki zen Euskal Herrikoan nortzuk arituko diren.

Euskal Herriko Eskolartekoan ezin arituta, plaza eskaini nahi izan zaie gazte hauei. Horretarako, Eskolartekoa antolatzen dugun Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak Eskolatik Plazara antolatu dugu, gazteak egun plazetan aritzen diren bertsolariekin elkartuko dituen proposamena.

Eskolartekoaren helburua bertsotan hasiberriak direnei jendaurrean bat-batekoan plazaratzeko aukera ematea da, beren belaunaldia zaletzea, eta bertso saioen antolakuntzan lehen urratsak egitea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezen. Finalean kantatzekoak ziren hamar bertsolari gazteei ikusgarritasuna ere eman nahi zaie ahalegin berri honekin.

Urtarrilaren 29an, Gernika-Lumon egingo da lehena, 18:00etatik aurrera, Astran izango da saioa. Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskolartekotik sailkatutako Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga ariko dira Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio bertsolariekin. Igor Menikak  gidatuko du.

Bigarren eta hirugarren saioetarako. Arabako eta Nafarroako Eskolarteko ordezkariak elkartuko ditugu Iruñean otsailaren 5ean. Eukene Los Aires, Aitor Ugarte, Ekhiñe Zapiain eta Bittori Elizalde Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariekin arituko dira. Josu Sanjurjo  gai jartzaile lanetan. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da hitzordua, 18:00etatik aurrera.

Aurki emango dugu hurrengo saioaren xehetasunen berri.

Saio hauetarako sarrera doakoa izango da, baina Bertsozale Elkarteko webgunearen bitartez izen-emate orria bete beharko da aretoan lekua gordetzeko: https://www.bertsozale.eus/eu/albisteak/eskolartekoa-plazaz-plaza

Ezinbestekoa izango da indarrean dauden neurriak betetzea eta une oro antolatzaileen argibideak jarraitzea.



Itzuli

Hurrengo ekitaldiak