2026ko Nafarroa Oinezen urrats bat harago joan nahi genuke eta euskararen festa honetan ozenki aldarrikatu ikastolak eta eragile euskaltzale guztiak oso beharrezkoak garela gure hizkuntzaren eskubideak eta normalizazioa lortzeko bidean.
Antolaketari dagokionez ere, jauzi bat eman dugu, hurrengo Nafarroa Oinez festa bi ikastolen artean antolatuko baitugu: Erentzun Ikastola eta San Fermin Ikastola. Hautatu dugun leloak erabaki horren zergatia ongi azaltzen du: Bidean bat gara.
Bidean hitzak jasotzen duen bezala, bi eragile gara oraingoan, baina bat egiten dugu helburu komun bati eusteko: euskara gure hizkuntza dela sinisten duten horien guztien topagunea sortzea. Zentzu horretan, oraindik ere, bidean aurrera egiten jarraitu behar dugula uste dugu eta sektore zabalak bildu nahiko genituzke ibilibide horretan, denok bat eginez: Bat gara. Bat gatozelako euskararen defentsan, etorkizun oparoa erein dezakegula sinisten dugulako eta denak beharrezkoak garelako.
Aurtengo logotipoa euskaldun guztiok batzen gaituen elementu batetik abiatu da: Irulegiko Eskua. Eskua elkartasunaren eta lankidetzaren ikurra da, eta hortaz, euskaltzale guztiak elkar topatzera luzatu nahi dugun eskua da.
Keinu horretatik sortu da gure logoaren “E” hizkia:
Euskara, elkartasuna, elkarrekin… Horrela erdietsiko baitugu euskararen normalizazioa.
Era sotilean, bestalde, bi eskuren arteko lotura irudikatzen du, batasunaren ideia sendotuz eta edizio honetako bereizgarri bat gogora ekarriz: bi ikastolen arteko lankidetza Nafarroa Oinez antolatzeko.
Formak jatorrizko eskuaren ertz irregularrak eta izaera arkaikoa gordetzen ditu, diseinua herentzia historikoan eta gaur jarraitzen dugun bidea ireki zutenen ondarean ainguratuz. Gure arbasoen lekukoa jasotzen dugu aurrera jarraitzeko konpromisoarekin.
“Oinez” hitzak identitatearen erdigunea hartzen du, hori baita gu guztion egitasmo komuna. Euskaltzale guztiok elkartzen eta etorkizunera eramaten gaituena. OINEZ baita proiektu kolektibo baten izen eta euskarri: transmisioarena, konpromisoarena eta batasunarena: Bidean bat gara.
Lege oharra
Pribatutasun politika
Cookie-en politika
Web garapena: Aldor Internet
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU