Ikastolen jaiek hainbat ekimen antolatzen dituzte elkarrekin eta elkarlanean. Urterik urte egitasmo gehiago dira jai guztiek partekatzen dituztenak. Guztiak biltzen ditugu Ikastolak Herriari egitasmoaren barruan. Bi dira egitasmo honen ardatzak:
IKUSPEGI NAZIONALA
Euskal Herri osoan gaude sareturik eta Euskal Herria da ikastolen erreferentzia. Jai bakoitza bere lurraldean ospatzen bada, Ikastolak Herriari egitasmoa Euskal Herri osorako da.
HERRITIK JASO ETA HERRIARI ITZULI
Nondik gatozen argi edukita, jasotakoa itzuli nahi diogu herriari. Eraldatuta, gugan jarritakoaren emaitza itzultzen diogu herriari, sormena astinduz, kultur adierazpide desberdinak landuz, elkarlana sustatuz, eta elkarren ezagutza partekatuz.
2024koa IV. edizioa izango da eta “Euskaldunak eta itsasoa” gaia oinarri hartuta, 16 eta 18 urte bitarteko gazteek komikiak landuko dituzte.
Liburu Ibiltaria deritzon egitasmoa ikastolen jaiek era bateratuan garatzen duten jarduera programatik abiatzen da. IV edizioan Euskal Herriko 33 ikastolek hartuko dute parte eta "Euskaldunak eta itsasoa" gaia jorratuko dute.
Aurtengo edizioan, "Non eta Mugan" deitu dugun proiektuaren bidez, Euskal Herriko perifereian dauden ikastolek euskararen eta euskal kulturaren alde egin duten lana goraipatu nahi dugu.
Ikastolen jaiak garatzen duten jarduera programa bateratuaren baitan burutzen da Horma irudi bateratua ekimena. Jai bakoitzak bere horma-irudia diseinatu eta marrazten du, mural guztiek elkartuta diseinu bakarra osatzen dutelarik.
Tanta Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da, herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikaritzen dena.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU