2025/11/05

Euskararen aldeko 'jai erroaldoia' antolatuko dute Erentzun eta San Fermin Ikastolek

2026ko Nafarroa Oinezen aurkezpena egin dute Vianako Erentzun ikastolako zuzendariak, Garbiñe Zulaikak, eta Zizur Txikiko San Fermin Ikastolako lehendakari Eider Sagastibeltzak. Datorren urtekoa Oinez “berezia” izango dela esan dute, bi ikastolaren artean antolatzen ari direlako, “elkarrekin eta elkarlanean”. Bi ikastolen tamaina edo errealitatea ezberdina izan arren, biek “helburu berbera” daukatela azpimarratu du Erentzun Ikastolako zuzendariak, “Nafarroan euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesuan aurrera egitea”, alegia. 

Era berean, gogora ekarri du Nafarroan 60ko eta 70eko hamarkadetan jaiotako lehenengo ikastola haiek helburu horrekin sortu zirela eta, “gaur egun ere, helburu horrek indarrean” jarraitzen duela. “Urte hauetan guztietan euskararen eta euskal kulturaren alde ikastolok egindako ekarpena ezinbestekoa izan da, orain ere bada, eta aurrerantzean ere izanen da”, gaineratu du Garbiñe Zulaikak. Horrekin batera, euskararen normalizazioaren bidean lanean ari diren bestelako eragileen lana ere aitortu nahi izan du, eta “erronka kolektiboa” dela azpimarratu du, “euskararen etorkizunak indarrak biltzea eskatzen baitu, zonifikazioa bertan behera utzi eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko Nafarroako edozein lekutan”.

Zulaikak azaldu duenez, hori guztia irudikatu nahi izan dute hautatu duten leloaren bidez, BIDEAN BAT GARA. Adierazi duenez, “Erentzun eta San Fermin Ikastola bat gara Oinezen antolakuntzan, Nafarroako Ikastolek elkarlanean eta elkartasunean oinarritutako sare bat osatzen dugu eta euskararen alde ari garen euskaldun, euskaltzale eta eragile guztiok ere bat egiten dugu helburu horretan”. Leloaren azalpenari amaiera emateko, elkarlanaren garrantziari indarra eman nahi izan dio, “euskarak batzen gaituelako eta guztiok garelako ezinbestekoak”.

Jarraian, Eider Sagastibeltzak hartu du hitza eta Oinezen antolakuntzan zein euskararen aldeko lanean “jauzi erraldoia” egiteko beharra azpimarratu du. Bide horretan, Oinez 26 “anbizio guztiz” antolatzen ari direla adierazi du, “euskaldun eta euskaltzale guztion topagune izan dadin”. Zulaikak bezalaxe, “euskararen alde zubiak eraikitzeko beharra” aldarrikatu du, bai eta “eragile, instituzio eta euskaltzale guztion arteko elkarlana sustatzekoa” ere”. Ildo horretan, dei egin die horiei guztiei “indarrak biltzeko, Oinez 26 euskararen jai erraldoia izan dadin eta euskararentzako etorkizun oparoa erein dezagun.”

Bide horretan, azaldu du etorkizunari “itxaropenez” begiratu nahi diotela, “nondik gatozen ahaztu gabe”. Hain zuzen, hautatu duten logotipoarekin lotu nahi izan du ideia hori, OINEZ hitzaren E letrak Irulegiko Eskuaren forma gogora ekartzen baitu, “gure iraganari begiratzeko eta euskaldun guztiok batzeko” elementu gisa. Azaldu duenez, “diseinuak bidea ireki zutenen ondarea eta herentzia historikoa gogora ekarri nahi du, gure arbasoen lekukoa jasotzen dugulako bidean aurrera jarraitzeko konpromiso osoz”. 

Logoaren azalpenean sakonduz, eskua “elkartasunaren eta lankidetzaren ikurra” ere badela adierazi du, eta hortaz, “euskaltzale guztiok elkar topatzera luzatu nahi dugun eskua da”. “E-z hasten dira Euskara, Elkartasuna, Elkarlana, Elkarrekin…”, esan du Sagastibeltzak, eta hitz horiek adierazten duten bidean aurrera eginez “erdietsiko dugu euskararen normalizazioa”. Amaitzeko, “Oinez” hitzak logoaren erdigunea hartzen duela azpimarratu du, “hori baita gu guztion egitasmo komuna, proiektu kolektibo baten izen eta euskarri: transmisioarena, konpromisoarena eta batasunarena”.



Itzuli

Laguntzen du

Nafarroako Gobernua

Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU

Unión Europea - NextGenerationEU Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia