2024/06/20
Gaur goizean Nagore Oria Telletxea, Zangozako Ikastolako zuzendaria; Eneko Alkorta Larburu, Jarduerak batzordeko arduraduna; June Gabarain Campos eta Antonio Iriarte Ugarte, Skabidean taldeko kideak; Amaia Aldanondo Perkaz, abestiaren letraren egilea; eta Marina Lameiro Garayoa, bideokliparen zuzendaria; Nafarroako Ikastolen Elkarteko egoitzan bildu dira, alde batetik, aurtengo Nafarroa Oinezeko kanta eta bideoklipa aurkezteko eta, bestetik, San Ferminetako programazioa aurkezteko.
Kanta eta bideoklipa
Kanta eta bideokliparen prozesuak hainbat fase izan ditu. Lehenengoa, lehiaketa baten bitartez, abestiaren letra sortzea izan zen. Oriak esan bezala, Ikastolak argi izan zuen hitzak Zangozaldeko euskaldunon artetik atera behar zituela; hori dela eta, lehiaketa ingurura mugatu zen. Egilea Amaia Aldanondo Perkaz izan da eta hasieratik argi izan zuen zein mezu helarazi nahi zuen: “Ertza eta periferian gauden euskaldunak hemen gaudela aldarrikatu nahi nuen, gure zentroa eraikitzen ari baikara, hori erakutsi nahi nuen, besterik ez”, azaldu du. Kantan entzun ahalko den bezala, hitzak aurtengo Nafarroa Oinezeko helburuak aipatzeaz gain, Zangozako Ikastola sustatzeko ahaleginak ere aipatzen ditu.
Behin letra prest zegoela, Skabidean, Iruñeko reggae taldearengana jo zen musikaren enkargua egiteko. Hainbat ideia entzun ondoren, apurka-apurka, gaur aurkeztutako kanta konposatu zuten: “Gure ustez, abestiak elkartasuna eta auzolana batzen ditu, baina alaitasuna alde batera utzi gabe, euskara aldarrikatzeko oso beharrezkoa iruditzen zaigun nahasketa, Euskal Herriaren eta Nafarroa Oinezen izaera ezinhobe irudikatzen duena”, aipatu dute.
Lan hau egin eta gero, Ikastolako irakasle batzuek ikasleen ahotsak prestatu zituzten eta Andoaingo Garate estudioan ahotsak grabatu zituzten Skabidean taldeko kideekin batera. Nagore Oriak esan duen bezala, ikasleek, familiek eta irakasleek “esperientzia ahaztezina” bizi izan zuten grabazioaren egunean, Skabidean taldekideekin batera abestia bere eginez.
Bukatzeko, bideoklipa grabatzeko unea heldu zen. Horretarako, Marina Lameiro Garayoa zinema-zuzendariaren laguntza izan zuten, eta ikasleak prozesu horren protagonistak izan dira azken hilabete hauetan. Lameirok, tailer batzuk antolatu zituen DBHko eta LH 3. zikloko ikasleekin bideoklipa antolatzeko eta grabaketa baten ezaugarriak ezagutzeko: “Egungo irudi digitalez beteriko munduan, interesgarria iruditzen zitzaidan txiki eta gazteei beste teknologia bat gerturatzea eta mundura ekartzen ditugun irudietan pixka bat hausnartzea”, esan du. Ikasleen proposamenetan oinarrituta dago gaur ezagutzera eman den bideoklipa eta Super 8 kamera batekin grabatu da. Oso esperientzia aberasgarria izan da ikasleentzat eta asko eskertu dute haien proposamenen emaitzak bideoklipean ikustea.
San Ferminetako egitaraua
Urtero bezala, Oinez Txokoa Takonerako parkean izango da goizeko 10:30etik gaueko 2:30-3:30era. Txosnan, beti bezala, ogitartekoak jateko aukera egongo da eta mahai eta aulkietarako gune bat prestatuko da. San Ferminetarako kaleratu berri den arropa eta material postu salmenta egonen da. Alkortaren hitzetan, Oinez Txokoak “San Ferminek irauten duten bederatzi egunetan giro lasaian bazkaldu eta afaltzeko aukera ematen duen lekua da, euskarazko jarduerak eskaintzen dituen txokoa eta estilo ezberdinetako kontzertuez gozatzeko parada eskaintzen duena”.
Egitarauari dagokionez, urtero bezala, programa zabala eta anitza prestatu da musika estilo ezberdinak eta hainbat jarduera eskeiniz. Parte hartzera joango diren ia sortzaile gehienak nafarrak izango dira eta hori, modu batean edo bestean, mahai gainean jarri eta azpimarratu nahi dutela aipatu du Alkortak.
Ekintzak bi blokeetan banatu dituzte: alde batetik, arratsaldekoak eta, bestetik, gauekoak. Arratsaldeetan, besteak beste, bertso saio musikatua, EuskarAbentura, Trikidantz, dantza saioa, Pontx pailazoa, Jotatxo… izango dira. Gauean aldiz, Streetwise eta Leizeak, Gailu eta Ochi di Farfalla, Against You eta Dj Marzel, Trikidantz eta Dj Mortx, Baizera, Irati 58… bezalako taldeak entzuteko aukera egongo da. Horretaz gain, reggae jai bat ere antolatuko dute.
Jaiari hasiera ematea ez da erronka makala eta, hori dela eta, Zangozako Ikastolak euskalgintza erdigunean jarri, eta hurrengo uztailaren 6ko txupinazoa LABA taldeari ematea erabaki du. Alkortaren hitzetan: “Eredugarria iruditzen zaigu LABA taldeak azken urteetan euskara eta euskal kulturaren alde Iruñean egin duen lana eta nolabaiteko esker ona merezi dutela uste dugu”, baieztatu du.
Laguntzen du
Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU