Oinez Basoa Nafarroa Oinez antolatzen duen ikastola laguntzen duen proiektu bat da. Baina, era berean, dimentsio unibertsal eta parte-hartzailea dauka, eta horren asmoa milaka pertsona eta entitate inplikatzea da, ingurumena eta euskara berreskuratzeko helburuarekin. Oinez Basoa Nafarroa Oinez Fundazioak (NOF) sustaturiko proiektua da.
Proiektua 2008an sortu zen, Nafarroa Oinez ikastolen jaian baliabide naturalen kontsumoak, hondakinen sorrerak eta berotegi efektuaren gasen igorpenak eragiten duten inpaktu ekologikoaz jabetzean. Jaiak sortzen duen aztarna ekologikoa gutxitzeko asmoz, bai konbentzimenduagatik, bai konpromisoagatik, Oinez Basoa sortzea erabaki zen, ospakizunaren lekuan ingurumen-kalitateko lekuko iraunkor bat uzteko. Oinez Basoa jasangarritasunari lotutako ekimen bat da, eta jai-eredu iraunkor baterantz egitea du helburu.
Ekimena abian jarri zenetik, 11 baso sortu dira Arbizun, Tafallan, Tuteran, Zangozan, Baztanen, Andosilla-Sartagudan, Lesakan, Altsasun, Arguedasen eta Barindano Antzin Lizarran. Proiektuaren 16 urteko ibilbidean 51.000 zuhaitz baino gehiago landatzea lortu da, eta horri esker Nafarroako geografia osoan zehar Nafarroa Oinezek bere bidean utzi duen elkartasun-aztarna sortu da. Urtero, sortutako basoek garatzen eta aberasten jarraitzen dute, eta, aldi berean, gure hezkuntza-lanerako baliabide pedagogiko bihurtu dira. Tafallan dugu horren adibide garbia. 2012-2013 ikasturtean, ikerketa-proiektu berritzaile bat jarri zen abian, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ingeniaritza eta Biozientzietako Goi Eskola Teknikoko Lurzoruen Kudeaketa eta Erabilera Iraunkorreko taldearekin lankidetzan, basoak eragindako karbono atmosferikoaren bahiketa eta Tafallako Oinez Basoaren ingurumen-onurak ebaluatzeko.
2017-2018 ikasturtean akordio bat sinatu zen NUPekin Oinez baso sarearen garapen pedagogikoaren inguruan. Akordio horrek hainbat jarduketa jasotzen ditu. Adibidez, ingurumen parametroen monitorizazioa eta ingurumen hezkuntzarako proposamen parte-hartzaileak Tafallako Oinez Basoan. Bertan Iņigo Virto eta Bosco Imbert irakasleek parte hartuko dute.
Iņigo Virto Nekazaritza Ingeniaritzan eta Bosco Imbert Biologian doktoreak, ikertzaileak eta irakasleak dira. Bi doktoreak buru dituen NUPeko ikerketa taldea elkarlanean aritu da Nafarroako Ikastolen Federazioarekin eta Tafallako Garces de los Fayos Ikastolarekin, faunaren eta floraren aldaketak neurtzeko, baita Monteplanoko Oinez Basoan CO2 harrapaketa neurtzeko ere. Proiektu honetan DBHko ikasle eta irakasleek ere parte hartu zuten.
Oinez Basoaren webgunean aurki daitezke egindako ikerketatik eratorritako hainbat txosten eta lan horretan erabilitako baliabideak. Hainbat ikastolak garatutako unitate didaktikoetara ere sar daiteke, baita Nafarroako Ikastolen Federazioak eta NUPek proiektua ezagutarazteko elkarrekin sortutako bideora ere.
Bideoa honako esteka honetan dago ikusgai:
https://www.youtube.com/watch?v=Pw9qmQvA5Yk
2023-2024 ikasturtean, NUPeko edafologia ikerketa taldea, Paz de Ziganda Ikastolako batxilergoko ikasleekin lanean aritu zen Arbizuko Oinez Basoan, Tafallan egindakoaren antzeko ikerketa batean. Burututako azterketa eta beronen baitan lortutako ondorioak LURZORUAREN ZIENTZIAREN ESPAINIAR ELKARTEAk antolatutako lehiaketara aurkeztu zituzten, LEHEN SARIA eskuratuz. Hala izanik, Paz de Ziganda Ikastolako ordezkaritzak Brasilera jo zuen uztail-abuztu bitarte, non, LURZORUAREN ZIENTZIARI BURUZKO XXIII. LATINOAMERIKAKO BILTZARRA ospatu zen. Bertan, burututako lanaren berri eman zuten, Lurzoruaren Zientziaren Irakaskuntzako Hezkuntza Berrikuntzen Sinposioan hain zuzen.
Ikerketa honen ondorio-txostenak Oinez Basoaren webgunean daude ikusgai.